Zubieta eta Masterreka kaleetako urbanizazio lanak 'Construcciones Zubieder SL' enpresari ematea erabaki du Bergarako Udalak, eta urriaren 25ean egindako alkate dekretu bidez jakinarazi du (ohiko prozedurari jarraituz). Lanaren zuzendaritza, formalki erabakitzeko zain badago ere, azaroaren 11ko alkate dekretu bidez eskaintza onuragarriena Typsa enpresarena dela aitortu da.

2.012.048,62 -BEZ barne- eurotan adjudikatu zaio Construcciones Zubieder SL enpresari lana. 2.349.976,12€ko (BEZ barne) lizitazio oinarria izan duen lizitazio publiko honetan bost eskaintza aurkeztu dira: 'Construcciones Artzamendi SA', 'Altuna y Uria SA', “Campezo Obras y Servicios SA”, 'Construcciones Moyua SA' eta 'Construcciones Zubieder SL'.

Abenduaren amaieran hasiko dira lanak. Lehenik ingurunea prestatzen, eta ondoren makinak hasiko dira lanean, urtarrila hasieran. Izan ere, Gabonen testuinguruan, eta bizilagunei kalterik txikiena eragitearren, makinak lanean ez egotea hobetsi da. Behin lanean hasita, aurretik esan den moduan, 18 hilabeteko iraupena izango dute lanek.

Proiektu honen exekuzioak baditu hainbat zailtasun, nagusienetarikoa mugikortasunari dagokionez trafikoan izango duen herri mailako eragina. Ibargarairekin batera, trafiko gehien jasotzen duten kaleak baitira. Kontuan hartuko da herritarrengan ahalik eta eragin kaltegarri txikiena izan dezan. Horretarako, behin obraren zuzendaritza esleituta, udaleko bulego teknikoak, udaltzaingoak, obra zuzendaritzak eta obra egingo duen enpresak obra nondik nondik hasi, nola egin... koordinatuko dute elkarlanean.

Ekaineko osoko bilkuran Gorka Artola alkateak azaldu zuen moduan obra garrantzitsua da hau herriarentzat, “lehen aldiz urte bat baino gehiagoko aurrekontua baldintzatuko du proiektuak. Hiru urterako aurrekontua konprometituko du, guztira 2.350.000 euro inguru”. Udalarentzat aspaldiko inbertsiorik handiena izango da hau.