2021-22 ikasturtean elkarlanaren filosofian urrats bat aurrera egin zuten San Martin Agirre herri eskolako komunitate osoak eta Udalak elkarlanean. Eta hala, elkarlanean eta auzolanean gauzatu zen jarritako erronka polita: jolas librea oinarri duen patio berri eta berritzailea sortzea. Ikasle guzti-guztiei jolaserako askotariko aukerak eskaintzen zizkie kanpo espazio inklusibo honetan, eta baita eskola orduetatik kanpo herriko haur guztiei ere.

Egindako prozesua benetan aberasgarria izan da, ikasleen ikaskuntzarako, euren iritzia kontuan hartzen dela ikusteko eta eskolako komunitatea indartzeko, esate baterako.

Azken aldian, baina, sortzen baino, sortzera baino, konpontze lanetan jarri behar izan ditu eskolako komunitateak indarrak, hainbat pertsonak egiten duten espazioaren erabilera desegokiagatik: zaborrak uzten, apurketak egiten edota belardia, ortua… behar bezala ez zaintzen.

Eskola komunitatearen eta Udalaren nahia da jolas librerako patio honekin abiatutako bideari jarraitzea, proiektuari dagokionean eta baita lan egiteko moduari dagokionean. Eta dei egin nahi die herritarrei horietan partaide izan daitezen.

Zain dezagun ingurua, zain dezagun natura, zain dezagun Bergara.