Garai honetan ohikoa denez Bergarako Udal Gobernuak 2022rako aurrekontu proposamena osatu du. Oposizioari bidali dio dagoeneko proposamena, eta azaroaren 24ra arteko epea izango du ekarpenak egiteko. Aurreikuspena da abenduan onartzea.

27.212.333€ko aurrekontu bateratua aurkeztu du Gobernuak, iazkoarekiko ( 25.119.000€) %7,7 handiagoa. Une honetan beharrezkoa da “ohikotasunera” urratsak ematea, eta lehentasunezko arloak aintzat hartuta, proiektu berriak eta berritzaileak sortzea, eraikitzaileak izatea.

Bergararren ongizatea bermatzeko helburuarekin, sustapen ekonomikoari eta gizarte zerbitzuei bideratutako diru-poltsak handitu dira. Ordenantza Fiskalak onartu zirenean aurreratu zuen moduan, kalitatezko gizarte zerbitzuak ematea da Bergarako Gobernuaren helburua, egoera zaurgarrian dauden pertsonek izan dezaten zerbitzu duina. Hala, Gizarte Zerbitzuetara 2.552.986€ bideratzea proposatzen da, 2021ean (2.394.436€) baino %6,3 gehiago.

Zer proposatzen da ildo horretan? Adin eta behar desberdinak dituzten herritarrei erantzuteko asmoz landu dira hainbat proiektu. Eguneko zentro arinaren proiektuarekin jarraitzea, pertsona nagusien mahaia osatzea, aniztasun funtzionala duten gazteentzat aisialdi eskaintza egokitua Gaztelekuaren eskaintzaren barruan, edota haur eta nerabeen parte hartzerako organo egonkorra sortzea. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko bideratutako partida ere handitu da.

Herriaren garapenerako behar beharrezkoak dira, halaber, ehun ekonomiko indartsua egotea, edota turismoa sustatzea. Horregatik, sustapen ekonomikora bideratutako kopurua (693.251€) %15 handitu da 2021ekoarekiko (590.251€).

Turismoaren alorrean urrats kualitatiboa egingo da, turismo planarekin eta aurrekontuetan egitea proposatzen den ekarpenarekin. Sektoreko establezimenduentzat garrantzitsua izateaz gain, ekonomia sendotzen duelako, gure herriak kanpora begira dagokion presentzia izan dezan beharrezkoa da. Hori horrela, amaitu berri den turismo plana (datozen egunotan aurkeztuko da) gauzatzeko, bertara bideratutako aurrekontua %18 handitzea proposatzen da (183.459€tik 223.459€ra igoz).

Gobernantza eredu berriak sustatuz, proiektu berritzaileak abiatu ditu Bergarako Udalak. Herritarrekin eta eragileekin elkarlanean, herritarren beharrak erantzutera bideratuta egongo den EHUNDU eraldaketa sozialerako bulegoa eta ekintzak egiteko 75.000€ proposatzen dira.

Datozen hilabeteetan obra garrantzitsua gauzatuko da herrian: Zubieta eta Masterreka kaleak berritzea, urtez urterako aurreikusitakoari jarraituz, 2021ekoari gehituko zaio 1.025.000€ inguru.

Herritarrek egindako eskaerei erantzunez gauzatuko dira hainbat kontu, horietarik batzuk hain beharrezkoa dugun aisiari bideratutakoak, esaterako ur-jolasetarako, ur-txorrotak egiteko 300.000€ aurreikusi dira. Jaietarako partidak ere berreskuratuko dira.

Une honetan mundu mailan pil-pilean dagoen energiaren gaiari lotuta proposamenak ere jasotzen ditu Gobernuaren aurrekontu proiektuak. Energia berriztagarriak ezartzeko proiektua lantzea aurreikusten da. Horrela, bergararrok ere ingurumena zaintzeko urratsak eginez.

Izan, bizi, ekin planean jasota duen moduan, herrigunean bakarrik ez, auzoetan ere interbentzioak egingo ditu Gobernu honek, udalerri osoa aintzat hartuz. Auzoak biziberritzeko programan esaterako 60.000€ aurreikusi dira.