Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Larramendi poligonoan ezartzekoa duen paper-industriaren hondakinen tratamendurako instalazioaren berri izan zuenetik gaiari jarraipena egiten ari zaio Bergarako Udal Gobernua.

Jarduera berria izanik, eta gaiaz gure inguruan dagoen ezagutza murritza aintzat hartuta, lehentasuna izan da informazio ona eskuratzea, horretarako bide desberdinak jorratuz. Esaterako arlo desberdinetako adituekin hitz eginez edota ingurumenean aditua den enpresa baten aholkularitza kontratatuz. Ildo horretan kokatzen da, halaber, urriaren 4an enpresak Elxen (Alacanten) duen egoitzara egingo den bisita.

Informazioa biltzearekin batera, eta hori eskuratzen joan den neurrian, inguruko auzoetako ordezkariekin partekatzen joan da. Ildo horretan, eta gaiari jarraipena egiteko, batzorde bat eratzea erabaki da.

Udala dituen eskumenak aintzat hartuta eta bere jarduera-eremuan bi arlotik ari da aztertzen gaia uneon: hirigintzaren ikuspegitik eta ingurumenaren ikuspegitik.

Hirigintzaren ikuspegitik proposatzen den instalazioaren erabilera bateragarria da Plan Orokorrarekin, industria erabilerarako sailkatutako eremuan kokatzen baita. Hori aintzat hartuta, aurkezten den proiektuak Plan Orokorrak zein berau garatzeko dokumentuek ezarritako baldintzak betetzen baditu, Udalak dagokion baimenak eman behar dizkio, egintza arautua da.

Ingurumenaren ikuspegitik jarduera baimentzeko erabakiaren eta baimen hori emateko behar diren baldintzak ezartzeko eskumena Eusko Jaurlaritzari dagokio.

Une honetan zertan da gaia
Batetik, ingurumenean Udalaren eskumenak mugatuak izanagatik ere, Bergarako Udalak ziurtatu nahi du jarduera hau Larramendin ezartzekotan ingurumen berme guztiekin egiten dela. Ingurumen Baimen Bateratua lortzeko aurkeztutako proiektuaren konplexutasun teknikoa aintzat harturik, Udalak erabaki du gaian aditua den enpresa bat kontratatzea proiektua aztertu dezan, eta proiektuaren alderdiren bat hobetu edo moldatu daitekeen edo neurri osagarriren bat eskatu daitekeen esan dezan.

Bestetik, proiektuaren sustatzaileak Eusko Jaurlaritzan eskaera egin du Ingurumen Baimen Bateratua eta Ingurumen Eraginaren Deklarazioa lortzeko; prozedura honen baitan indarrean dagoen legediak ezartzen du 30 eguneko jendaurreko epea egon behar dela, alegazioak egiteko aukera emateko.

2021eko irailaren 23an argitaratu zen Euskadiko aldizkari ofizialean jendaurreko epearen hasieraren berri ematen duen iragarkia, eta proiektuari lotutako dokumentazioa eskuragarri dago Eusko Jaurlaritzako Kutsaduraren prebentzioa, ingurumenaren ikuskaritza eta kontrolerako zerbitzuaren webgunean.

Hirigintza arloan, Larramendi Poligonoko H partzelaren xehetasun azterketa ari da tramitatzen Udala, eta horren baitan ere jendaurreko epe bat zabalduko da alegazioak egin ahal izateko.