Bergarako Udalak aurrera jarraitzen du Bergara 2030 Egin herrixa plan estrategikoarekin. Momentu honetan ekintza plana definitzen ari da. Herriko elkarteekin dagoeneko landu da gaia, eta asko aurreratu da. Prozesu honen oinarrietako bat da udalak, eragile sozialak eta herritarrak norabide berean lanean jartzea, eta hiru hanken ekarpenekin batera pentsatzea nolako Bergara nahi dugun. 

Horregatik, eragileekin lanketa egin ondoren, herritarren txanda da. Orain arteko egindakoa herritar guztiekin konpartitu eta haien iritzia jasoz borobilduko da. Urriaren 5ean bilera irekia egingo da. Hori izango da parte hartzeko azken aukera, eta ekarpen eta zuzenketekin egingo da plan definitiboa. 

Ekaitz Aranberri Herritarren batzordeko lehendakariak eragileen lana eskertu du: “Eragileek orain arte izan duten lanerako eta ekarpenak egiteko prestutasuna eskertu nahi ditut Udal Gobernuaren izenean. Sinistu dute etorkizuneko Bergararen diseinuan guztion parte-hartzea beharrezkoa dela, eta jarrera eraikitzailea izan dute. Herritarrek ere, egin diren aurreko saioetan ere, jarrera positiboa eta ekarpengilea izan dute, eta hurrengoetan ere horrela izango delakoan nago. Guztion ekarpenekin egingo dugu plan estrategiko ona”.

Plan honen helburua 2030. urtera begira jarri eta datozen urteetan udalaren jardunaren iparra izango den plangintza bat herritar eta eragileekin definitzea da.

Dagoeneko lana asko aurreratuta dago: diagnostikoa osatu zen, herritar, eragile eta udal langileekin hainbat lan saio egin dira, eta nolako Bergara nahi dugun adostu zen. Pauso bat aurrera egiteko unea da hau. 

Hitzordua urriaren 5ean, 18:00etan izango da Seminarixoan. Bertan, orain artekoaren aurkezpen laburra entzun ondoren, taldeka banatuta UNEDera joango dira parte-hartzaileak, arloka, banatutako taldetan planaren zirriborroari aldaketak eta ekarpenak egiteko.

UNEDean 9 talde osatuko dira, eta talde bakoitzean egongo dira arlo hauetako udal arduradun teknikoa eta politikoa:

-Hirigintza eta mugikortasuna.

-Ingurumena.

-Garapen ekonomikoa.

-Kultura.

-Kirola.

-Gizarte arloa.

-Hezkuntza eta euskara.

-Gobernantza.

 

Planaren inguruko informazio eguneratua dago webgune honetan  eta aurkeztuko den zirriborroa aurrez begiratzeko aukera ere izango da webgunean bertan. Hemen.  

Plan honen barruan, Oxirondo Azokaren inguruko hausnarketa prozesu bat ere gauzatu da. Prozesuak Landa garapenaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du. Azokako postuetako ordezkariak, larunbatetako baserritarrak, Ereindajanek, udalak eta Landa Garapenak parte hartu dute. Ondorio nagusia izan da gai desberdinak landu behar direla arlo horretan, eta lanketa propioa egiteko lan-taldea osatu beharra ikusi da. Datozen hilabeteotan horretan arituko da Udala.