Abuztuko etenaren ondoren, irailaren 27an batzartu da Bergarako udalbatza osoko bilkuran. Batzarraren hasieran zinegotzi kargua hartu du Zihortza Marzan Usandizagak, EH Bilduren taldean. Hartara, Gizarte Zerbitzuen zinegotzia izango da aurrerantzean.

Aranzadi Ikastolari duen kreditua kitatzeko epea luzatzea onartu du udalbatzak. Aranzadi Ikastolak 2021eko irailaren 22an idatzi bat aurkeztu zuen udaletxean, 2021eko ekainaren 30ean ordaintzeke gelditzen den kopurua 2029a baino lehen kitatu ordez, luzapena sinatzen den egunetik 15 urtera kitatzea eskatuz, eta udala jabea denez horri onarpena ematea. Udalean dagoen informazioaren arabera 2036ko martxora arte luzatuko da epea.

2022rako taxien hiri barruko tarifen eguneratzea izan da bileran landutako beste gaietako bat. 2021ean indarrean zeudenei %2,9ko igoera aplikatzea onartu da. Udal Gobernuak eta EAJ-PNVren udal taldeak zerbitzu publiko horren inguruko hausnarketa egin beharra adierazi dute batzarrean.

Bestalde, Kristina Markina zinegotziak orain arte karguari aitortua zion dedikazioari lan arrazoiengatik uko egin diola jakinarazi zaio udalbatzari. Halaber, eta arrazoi berberagatik, hirugarren alkateorde izateari utzi dio Kristina Markinak, eta Nagore Iñurrategik hartuko du haren lekua. Tokiko Gobernu Batzarreko kide izango da aurrerantzean Iñurrategi.