Atzo, Irailaren 1a, bilera egin zuten danborradako taldeetako zuzendariek eta udal ordezkariek, eta bertan erabaki zuten irailaren 15ean danborradarik ez egitea. Nagusien danborradarekin hartutako erabakia haurren danborradarekin ere aplikatzea adostu zen, beraz, aurten ez da danbor hotsik entzungo ez irailaren 15ean ezta 16an ere.

Denetako iritziak egon ziren arren, erabakia adostua izan zen eta parte hartzaileen gehiengoak danborrada ez egitearen aldeko iritzia eman zuen. Arduraz jokatzea une honetan erabaki hori hartzea dela baloratu zen.

Formatu aldaketaren bat egitea aztergai izan zuten bileran, baina une honetan ez dira bermatzen danborrada ohiko ezaugarriekin egiteko baldintzak. Eta ekimenak duen izaeragatik betiko baldintzatan egiteko aukera bermatzen ez den bitartean ez egitea erabaki zen.

Bergararrentzat bereziak diren egun horietan bestelako kultura ekimenak egiteko aukera lantzen ari da Udala. Egoera aldakorra denez, oraindik ez dago egitaraua zehaztuta, baina datozen egunotan jakinaraziko zaie herritarrei.