Bergarako Udalak Gizarte-premiako egoerei erantzuteko, eta etxean indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako duen harrera-etxea egokitu du. Besteak beste, sukaldea, lurra, leiho batzuk eta berogailuak aldatu dira, eta segurtasuna bermatzeko itxitura magnetikoak dituzten ateak jarri dira. Lanok egiteko 49.500 € inbertitu ditu Udalak. 

Zerbitzu horrek ostatu ematen die gizarte-larrialdi edo gizarte-premia egoera baten ondorioz ostatua behar duten, edo etxeko indarkeriaren egoeratik biziberritu eta egoera hori gainditu ahal izateko iraupen laburreko egonaldia behar duten pertsonei eta bizikidetza-unitateei, betiere pertsona horiek babes-neurririk behar ez badute. Aldi baterakoa da. 

Laguntza-intentsitate txikiko zerbitzua da, harrera-etxean etengabe egon behar duen langilerik eta harrera-etxeari berariaz esleitutako langilerik eskaintzen ez duena.

Hartutako pertsonak etxeko indarkeriaren biktimak diren emakumeak badira, Udalaren Gizarte Zerbitzuak etxeko indarkeriaren biktimak artatzeko zerbitzu eta programa guztiekin koordinatuta jarduten du. 

Zerbitzuaren hartzaileak dira: Gizarte-urgentziazko egoera baten ondorioz aldi baterako ostatua behar dute pertsonak edo bizikidetza-unitateak. Edo indarkeria matxista jasan ondoren indarkeria gainditzeko prozesuan dauden emakumeak, baldin eta emakume horiek ostatu hartzeko aldi baterako alternatiba bat behar badute, baina babes-neurririk behar ez badute. 

18 urtetik gorako pertsonei ematen zaie laguntza, eta hala badagokio, eskatzailearen ardurapean, tutoretzapean edo zaintzapean egonik normalean harekin bizi diren pertsonei, adin nagusikoak edo adingabeak izan. 

Ondorengo baldintzetakoren bat bete behar du zerbitzua eskatu nahi duen pertsonak: 

  • Langileen etengabeko presentziarik gabe ostatu-zerbitzu batean eman daitekeen intentsitate txikiko laguntza behar izatea.

  • Gizarte-zerbitzuen sarearen berezko horniduren aukeretatik edo hedaduratik kanpoko osasun-laguntza espezializatua eta/edo iraunkorra behar ez izatea. 

  • Jokabide-nahasterik ez izatea eta/edo zerbitzuaren funtzionamendua edo zerbitzuko bizikidetza normala larriki nahas dezakeen edota pertsonarentzat berarentzat, beste erabiltzaile batzuentzat edo esku har dezaketen profesionalentzat arriskutsua izan daitekeen portaerarik ez agertzea. 

  • Gaixotasun infekzioso eta kutsakor bat eta/edo gaixotasun mentalen bat izanez gero, dagokion tratamendua ez baztertzea.