2019-2023 legealdiko lehen bi urteak bete ondoren balorazioa egin du Udal Gobernuak. Gorka Artola alkateak, eta Ainhoa Lete, Nagore Iñurrategi eta Ekaitz Aranberri zinegotziek bideo bidez zabaldu dute egindako balorazioa. 

“Bi urte berezi izan dira, seguruenik ez esperotakoak eta COVID-19ak guztiz baldintzatu dituenak. Atzera begira jarriz eta balantzea eginda uste dut positiboa izan dela. Jakin dugu egokitzen egoera berrira eta Bergarak behar zuen erantzun hori ematen”, Gorka Artola alkatearen esanetan. Gehitu du egoera berrira moldatuta ere,“gure iparra eta oinarriak ahaztu gabe” lan egin dutela. “Beti pertsonak erdigunean, eta elkarlanean”.

Inguruarekin konprometituta dago udal gobernua, eta Nagore Iñurrategiren hitzetan: “indar berezia egiten dugu interes orokorra eta tokian tokiko beharren arteko oreka topatzen, beti erraza izan ez arren. Auzoak erdigunera ekarri ditugu eta hainbat interbentzio egiten ari gara herritarren bizimodua hobetzeko”. Baserri bideetan egindako lanak eta Uberako eskoletxea auzokideentzat lagatzea jarri ditu adibide. 

Bergara herri jasangarria izan dadin, eta honen antolamenduan pertsonak erdigunean egon daitezen, berrantolaketa egin da, 30 km/h abiadura legeak eskatu baino lehenago ezarriz, Oinezbusaren aldeko apustua eginez, edota bizikletentzat aparkalekuak eraikiz. 

Kirol-egokituaren eskaintza handitzea edota euskara ikastea merkatzea izan dira hartutako erabakietako batzuk; Ainhoa Lete zinegotziaren esanetan, “arlo guztietan bergararren aukera berdintasuna bermatzea delako gure oinarrizko printzipioa. Periferiak erdigunera ekartzea, ohiko praktika”. 

Memoria historikoa berreskuratzeko bidean ere ekimenak egin ditu Bergarako Udalak, hala nola, Gerrako haurrei omenaldia Intxortarekin batera, eta frankismoaren kontrako kereila Estrasburgora eraman du.

Udal barrura begira baliabideak optimizatuz antolakuntza eredu berri bat jarri du Gobernuak martxan. Lanpostuen egonkortzean ere apustua egin du, gizarte langileena edota berdintasun teknikariarena, kasu. 

Herri parekide baten bidean ere urratsak ematen ari da. Eta, bergararren betidaniko ekintzailetasuna ere bultzatu du, diru-laguntzak moldatuz, adibidez, edota Miguel Altunarekin elkarlanean EKINola jardunaldiak antolatuz. 

Lan egiteko moduaz jardun du Ekaitz Aranberrik: “hau dena egiten gabiltza herritarren parte hartzearekin, elkarlanean. Gure egiteko modua delako. Parte-hartze prozesuetan bai, baina baita egunerokotasunean ere, herritarrekin, eragileekin, enpresekin, harremanak egiten eta erabakiak herritarrekin batera partekatzen”.

Horren adibide: Kultura mahaian eskaintza eragileekin batera osatzea, eta horren diseinuan auzoei ere leku egitea; ikastetxeekin batera ere hainbat ekimen lantzea; Bergara 2030 Egin herrixa plan estrategikoa; azoka biziberritzeko parte hartze prozesua; turismo plana; Bizipoza eguna; BKErekin hitzarmena berritzea... edo Oinherri sarean sartzea, herri hezitzailea izateko bidean pausuak emateko.

Herriko ondarea herritarren esku egon dadin, Olaso Dorrea zabaltzeko, Olaso Dorrea fundazioarekin hitzarmena sinatu da.