Duela 45 urte, 1976ko uztailaren 21ean, Euskal Herriaren izaeraren eta bere eskubide historikoetan oinarritzen zen burujabetzaren elkargune izan zen Bergarako herria. Foruen abolizioaren mendeurrena betetzen zela gogoratzeko, Euskal Herriko ehunka udal ordezkari elkartu ziren Bergaran, herri bat ginela eta burujabetzatik aurrera egin nahi genuela adierazteko.

Jose Luis Elkorok eta Gorka Artolak, orduko eta oraingo alkateak, hurrenez hurren, prentsaurrekoan aurkeztu dute urteurrenaren testuinguruan egingo dena.

“Garai zailak ziren. 40 urteko diktadura amaitzen ari zen. Askatasunaren eta Herria egiteko egarria nabari zen. Aukera hori baliatu beharra zegoela azpimarratu nahi izan zuten Bergaran batu ziren udal ordezkariek”, Gorka Artolak azaldu duenez.

Gaur egungo testuingurura ere ekarri du egoera Artolak: “45 urte beranduago, Pandemiak kolpatuta aurkitzen da gure Euskal Herria eta mundua. Kolpatua dago gure herria, baina zutik jarri nahi du. Zutik jarri behar du, aurrera egiteko. Duela 45 urte bezala, herria zutik jartzeko, hori burujabetzatik egiteko eta askatasunaren bidean aurrera egiteko beharra daukagu”.

Herritik eta herriarentzat. Udaletatik herritarrentzat. Udalak oso garrantzitsuak izan dira historikoki gure herriaren egitura administratiboan. “Orain ere, herria berriro zutik jarri behar dugunean, udalek funtsezko zeregina daukatela uste dugu”.

Ildo horretan hitz egin du Jose Luis Elkorok ere: “Herri bezala bagaude, baina ez daukagu jabetasunik eta beste batzuen menpe gaude. Saiatu gara alkateen bidez hori gainditzen. Orain arte ez dugu lortu, baina saiaketa berria egingo dugu, orain egiten dugun deialdiarekin badaukagu horretarako aukera”, esan du Jose Luis Elkorok. Alkateak eta udalak herritarrengandik gertuen daudenak.

“Ahulak bagara ez da txikiak garelako, hori arrazoietako bat da, baina ez da nagusia. Arrazoi nagusia da zatituta gaudela. Ezin izan dugu gure herria aurrera eraman zatituta egon garelako. Eta hori gainditu behar dugu, herri bat garelako. Hori izango da potentzial handiena. Ea deialdi honekin lortzen dugun”.

Horregatik, urteurrenaren testuinguruan hainbat ekimen egingo dira:

Batetik, Bergarako Udalak aitortza egingo die ekitaldi instituzionalean garai hartako bailarako alkateei. Uztailaren 21ean, goizez, Bergarako udaletxean. Horrekin batera, erakusketa bat ere egingo du garai hartako irudiekin.

Bestetik, Jose Luis Elkorok eta Gorka Artolak dei egin diete Euskal Herriko udal ordezkariei orduko aldarrikapen eta beharren jabe izanda, manifestu bat lantzera eta uztailaren 21ean Bergaran biltzera.