44 ostalaritza eta ostatu establezimenduk 35.300 euro jasoko dituzte diru-laguntzetan COVID-19ak eragindako egoeran enpleguari eta jarduerari eusteko. Bergarako Udalak ostalaritzari ematen dion bigarren diru-laguntza zuzena da hau. Bestetik, Udalak erabaki du 2021eko abendura bitarte terrazak jartzeagatik ordaintzen den zerga ez kobratzea.

Guztira 48 eskaera jaso dira 'COVID-19ak eragindako egoeraren aurrean ostalaritza, ostatu eta janari-edari banatzaileen sektoreetako enpleguari eta jarduerari eusteko diru-laguntzen banaketarako' deialdian. Horietatik 4 eskatutako baldintzak betetzen ez zituztelako geratu dira deialditik kanpo. Honenbestez, 42 ostalaritza-establezimenduk eta 2 ostatuk jasoko dute aipatu diru-laguntza.

Diru-laguntza programa honetara bideratutako diru kopuru osoa estaltzen duen eskaera jaso ez denez, 70.000 euro aurreikusi zituen Bergarako Udalak programa honetarako, soberakina, sektore honi bideratuko dio beste diru-laguntza baten bitartez.

Hauek dira deialdi honetan parte hartzeko jarritako baldintzak:
2021eko martxoaren 9an GAOn argitaratutako oinarrietan jasotzen den bezala, COVID-19ak eragindako egoeraren aurrean Bergarako ostalaritzaren, ostatuen eta janari-edari banatzaileen sektoreetako enpleguari eta jarduerari eusteko, laguntza jaso ahal izango dute:

“…Covid-19aren osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoeraren deklarazioak eta Lehendakariaren 38/2020 Dekretuak eragin dieten ostalaritzaren, ostatuen edo janari-edari banatzaileen jarduerak, jarraian zehaztutako baldintzak betetzen badituzte…”

Ostalaritza: Ostalaritza-jarduera eten beharra izan duten pertsona fisikoak, norberaren konturako langileak edo autonomoak eta pertsona juridikoak, baldin eta enpresaren jarduera nagusia ostalaritza jarduerei dagokien JEZren epigraferen batean sartzen bada, oro har, 67. edo 68. epigrafeetan.

Banatzaileak:
Janari eta edari banatzaileen jarduera burutzen duten eta 38/2020 Dekretuaren ondorioz ostalaritzak jarduera eten behar izan duelako bere fakturazioa gutxienez % 75 murriztu zaien pertsona fisikoak, norberaren konturako langileak edo autonomoak eta pertsona juridikoak, baldin eta enpresaren jarduera nagusia JEZren epigrafe hauetako batean sartzen bada: 6129 edo 6126.

Ostatuak:
Ostatu-jarduera burutzen duten eta 38/2020 Dekretuaren ondorioz ostalaritzak jarduera eten behar izan duelako bere fakturazioa gutxienez % 75 murriztu zaien pertsona fisikoak, norberaren konturako langileak edo autonomoak eta pertsona juridikoak, baldin eta enpresaren jarduera nagusia JEZren epigrafe honetan sartzen bada: 68.