Ortu komunitarioak martxan jarri nahi ditu Bergarako Udalak herrian dagoen hutsune bat oinarri hartuta. Ortu komunitarioen proposamena hainbat aldiz jaso du udalak, besteak beste, egin izan diren ideia lehiaketa guztietan. Ekimena lantzeko bilera irekia egingo da datorren asteazkenean, hilaren 28an, 18:00etan UNEDen.

“Bergarako lurretan egitasmoa aurrera eramateko hainbat modu egon daitezke, eta horiek definitzeko partaidetza prozesu bat irekiko da. Horrela ikusiko dugu gaian interesa duten pertsonek zein behar edo nahi dituzten ortuen gaiari dagokionean. Horiek ezagutuz erantzun egokia eman ahal izango die Udalak”, Ekaitz Aranberri zinegotziaren esanetan.

Partaidetza prozesuan gai hauek aztertuko dira:

  • Ortua izan nahi duten eta lurrik ez duten herritarrentzako lur zati bat lagatzea eta lagapen honen funtzionamendua adostea.

  • Herri edota eskualde mailan egon daitezkeen ekimenak ezagutu eta hauen bideragarritasuna aztertzea.

  • Ikastetxeekin eta haurrekin ortuen inguruko lanketa gauzatzeko eta handitzeko aukerak aztertzea.

Egitasmo honekin Udalak ondorengo helburuak bete nahi ditu: hiri eta hirigune inguruko espazioa erabilera publikorako berreskuratzea; ortuen izaera hezitzailea eta ludikoa sustatzea; autokontsumoa bultzatzea; hiri inguruneak dinamizatu eta gizarte loturak indartzea; hirigintza parte-hartzaileagoa martxan jartzea; bazterkeria egoeran egon daitezkeen familia eta elkarbizitza unitateei lehentasuna ematea norbere kontsumorako barazki eta ortuariak izateko; Bergarako biztanleriaren artean bizimodu jasangarrirako ohiturak sustatzea, hala nola, nekazaritza ekologikoa edo energiaren optimizazioa eta baserri bizimodua eta kaleko bizimoduaren arteko oreka bilatzea.