2020 urte amaieran egin zen Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioan hika aritzeko proposamena egin zen lehen aldiz, Bergaran eta Oiartzunen. Bergarako Udalean hainbat arigune sortu ziren eta baita hika aritzeko konpromisoa hartu zuen taldea osatu ere. Ekimenaren balorazio positiboa egin ostean, hainbat langile batu dira ekimenarekin jarraitzeko asmoz.

Lau laguneko taldeak bultzatu du ekimena eta dagoeneko 28 pertsonak eman dute izena hitanoa praktikatzeko taldean. Ekimenak batu egin dituela aipatzen dute parte hartzaileek. Talde naturala izateak lagundu egiten du konfiantza giroa sortzen eta hortaz, errazagoa da askatzea, ezezagunekin osatutako eta tartean behin batzen den talde batean baino.

Euskara Zerbitzutik harago doa, beraz, ekimena. Euskaldun aktiboek batzuetan zalantza izaten dute horrelako ekimenetan zenbaterainoko ekarpena egin dezaketen. Udaleko langile hauen artean galdera hori egin zioten beren buruari Euskaraldiaren baitan, “egunero egiten dugunaz harago, zer gehiago egin dezakegu?” ondorioztatu zuten badagoela oraindik zer egina.

Egoera bitxiak eta berriak bizitzen ari direla aitortzen dute parte hartzaileek, izan ere, Euskaraldiaren baitan egindako ekimenean Ahobizi rola izatetik, une honetan, hitanoa praktikatzeko orduan Belarriprest izatera pasa dira batzuk. Bestela belarriprest diren pertsona horiek ulertzeko eta enpatia handitzeko baliagarria izaten ari da ekimen hau.

Ekimen honen bitartez, hika jarduteko ohitura berreskuratzen lagundu nahi da. Nahi horri erantzunez, langileetako batzuk parte hartu izan dute euskaltegian eskaintzen diren ikastaroetan eta hori praktikan jartzeko modua da udaletxean bertan hitanoa praktikatzeko konpromisoa hartu izana. Laguntzarako hainbat material erabiltzen dituzte, gaitasun gutxiagoa duenak ere baliabideak eskura izan ditzan.

Herrian ere Hikalagun taldeak sortzeko ekimena abiatu da, beraz, non eta zeinekin praktikatu egongo da aurrerantzean.