Gaur goizean batzartu dira Gorka Artola Bergarako alkatea, Nagore Iñurrategi Udal Gobernuaren bozeramailea eta Juan Luis Gonzalez Lurralde arloko zinegotzia Zubieta kaleko bizilagunen ordezkariekin, bertako eskola zaharreko eraikinean sortutako egoeraren inguruan hitz egiteko.

Kontseilu Sozialista Deba Bailara deritzon taldeak egunotan jakinarazi du “Bergarako Zubitxako Eskolako proiektua” sortu duela eta hori garatzeko eskola hartu dute. Auzotarren artean harridura eta jakin-mina sortu du egoerak.
Bergarako Udal Gobernuak auzotarrekin eta Kontseilu Sozialistako kideekin hitz egin du.

Eragile sozialek proiektu berriak sortzeko gogoa izatea eta hauek martxan jartzeko determinazioa izatea ona da Gobernuaren ustez. Proiektuak garatzeko eragileek behar dituzten espazio publikoen erabileraren inguruan, aitzitik, ohiko prozedurak jarraitzea beharrezkoa dela gogorarazi nahi du.

Asko dira gure herrian espazioak behar dituzten eragileak eta horiei erantzuna eman nahi die Gobernuak eta herriko eragileekin ildo horretan ari da lanean.

Zubietako eskola erabiltzeko eskaerak jaso ditu aurretik Udalak, baina eraikinak, beste arazo batzuen artean, ez ditu irisgarritasun baldintzak betetzen eta horregatik egon da hutsik orain arte. Une honetan txosten juridikoa eta arkitektoaren txostena jasotzeko zain dago Udal Gobernua.

Halaber, beste auzo batzuetan egiten ari den moduan, Labegaraietan bezala, aurreikusita dago auzotarrei haien erabilerarako espazioren bat lagatzea. Kalearen urbanizazio prozesuaren baitan asmoa da hori bideratzea.
Udal eraikinak Udalak kudeatzen ditu, baina bergarar guztionak dira eta Gobernu honek horien kudeaketa herritarrekiko eta udal ondasunekiko errespetuz egin nahi du. Argi du, halaber, egoera hauek kudeatzeko modua elkarrizketa dela. Horregatik, Kontseilu Sozialistari bilera egiteko hitzordua proposatu dio eta larunbatean, urtarrilaren 2an egingo dute bilera.