Azaroaren 30eko udalbatzaren osoko bilkuran onartu bezala, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bergarako udalak eta Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak. Herri hezitzaileen filosofiarekin bat egin du Udalak honela eta Oinherritik sustatzen ari diren herri hezitzaileen sarera gehitu da. Bide bat egin nahi du Udalak elkartearekin elkarlanean, honek dituen helburu, printzipio eta lan ildoak Bergaran garatzeko.

Bergarako udalak 4.000 euroko diru-ekarpena egingo du eta, trukean, herri hezitzaile izatearen ikuspegiarekin lanean diharduten sareko beste herriekin esperientziak partekatu eta Oinherrik eskaintzen duen aholkularitza eta bide-laguntza jasoko ditu.

Gorka Artola Bergarako alkatearen ustez, “proiektuaren indar guneetako bat da esperientzietan oinarritzen dela eta bertako kide izateak, aukera emango digu balore horietan oinarritutako politikak egiteko, baina ez hori bakarrik, Oinherriren lanarekin beste herrietako esperientzietatik ikasteko aukera ere izango dugu.

Maite Azpiazuk, Oinherri elkartearen ordezkariak, azaldu du elkartearen helburua “ hezkuntza ardura konpartitu bat bezala ulertzen hastea dela. Herria eremu hezitzaile moduan sustatuz eta herritarrei, eragile hezitzaile moduan, balioen hezkuntzan duten protagonismoa aitortuz. Haurrak txikitatik eskubide eta betebehardun herritar bezala onartuz eta parte hartzea eguneroko ohitura bihurtuz, heurekin denontzako herri hobe bat eraikitzeko. Horretarako lan tresna nagusia, herri hezitzaileen sareko herrietan burutzen ari diren esperientzia eredugarriak ezagutzera ematea, balioan jartzea eta elkartrukatzea izango da”.

“Haurrak eta nerabeak subjektu aktibo bezala ikusten ditugu guk ere eta hori txertatu nahi dugu aurrerantzean egingo ditugun politiketan”, Ekaitz Aranberri Gazteria arloko zinegotziaren hitzetan, “horretarako, lagungarria izango zaizkigu Oinherriren ezagutza eta lana”.

Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak herritar oro berez hezitzaile direla aitortzen du, eta, zazpi printzipiotan oinarritzen du bere xedea eta honela formulatzen du: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

Oinherri ekimena, euskararen, hezkuntzaren, kulturaren eta aisialdiaren inguruan lan egiten duten Euskal Herriko hainbat elkarte eta eragilek osatzen dute. 2012. urteaz geroztik, teoria eta praktika uztartuz, herrigintzatik, parte hartzea sustatuz, balio hezitzaileak hedatzeko helburuarekin, Euskal Herriko txoko ezberdinetan herri hezitzaileen filosofia ereiteko lanean dihardute.