Bergarako larrialdi zerbitzuak gauez itxita daudela eta, herritarren artean sortutako kezka aintzat hartuz, Beñardo Kortabarria, Iraitz Lazkano eta Gorka Artola, Antzuola, Elgeta eta Bergarako alkateak, hurrenez, hurren, Debagoieneko ospitaleko gerentzia eta zuzendaritzarekin batzartu ziren ostiralean.

Bileraren helburua egoeraren berri zuzenean jasotzea eta herritarren eskaera helaraztea izan zen. Larrialdietarako zerbitzua gaueko hamabietatik goizeko zortzietara itxita egoten da gaur egun, eta ondorioz, herritarrek ezin dute zerbitzua bertan jaso. Hiru herrietako ordezkariek larrialdi zerbitzua ahalik eta lasterren lehenekora itzultzea eskatu zieten.

Larrialdi zerbitzua murrizteko arrazoia COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko pertsonalaren birkokatzea izan dela azaldu zuten Debagoieneko ospitaleko arduradunek. Eta, alkateei jakinarazi zieten abenduaren 21etik aurrera berriz zabalduko dela gaueko larrialdi zerbitzua.

Egungo egoeraz aritzeko tartea ere hartu zuten, eta, eskualdean pandemiak eragindako egoera izan zuten berbagai. Herrietan aurrera begira har daitezkeen prebentzio neurriak aipatu zituzten eta elkarlanerako espazioak sortu beharra ere jarri zuten mahai gainean alkateek.