Abenduaren 1ean 'Mateo, gure oparia' ipuina aurkeztuko du Displasia fibrosoa-ADF elkarteak, arratsaldeko 19:00etan, Seminarixoan. Bergarako udalak lagundutako ekimena da. Ainhoa Lete zinegotziaren esanetan, “pertsona guztien inklusio eta integrazioa bultzatu nahi dugu. Beharrezkoa da elkar ulertzea, elkar bizitzarako. Halaber, beharrezkoa iruditzen zaigu gaixotasunen inguruan ikertzea, hauek ezagutu eta sendatzeko bidean jartzeko”. Ildo horretan, Displasia fibrosoa-ADF bezalako elkarteek egiten duten lan garrantzitsua aipatu du.

Displasia Fibrosoa (DF) gaixotasun arraro bat da, hezurduran lesioak eragiten dituena, ezohiko hazkundea eraginez. Hezurraren ehun normala, zuntz-ehunak ordezkatzen du. Zuntz-ehun horren ondorioz, hezurra ohi baino hauskorragoa da.

'Mateo, gure oparia' haurrentzako ipuina da. Protagonista Mateo da; jaiotzean Displasia fibrosoa eta McCune-Albright sindromea izeneko gaixotasun arraroak diagnostikatzen dizkiote eta hamar urte bete arteko bere bizitza kontatzen da, Nerea Arrieta Displasia Fibrosa- ADF elkarteko presidenteak azaldu duenez.

“Haurrentzako ipuin hau idazteko ekimena Displasia fibrosoa eta McCune-Albright sindromea duten neska-mutilei laguntzeko beharraren ondorioz sortu da. Gaixotasun arraroa edo prebalentzia gutxiko gaixotasuna pairatzen duten haur gehienek eta haien familiek ez dute gaixotasun berdina duten pertsona gehiago ezagutzen eta horrek bakardade eta ulertuak ez izatearen sentimendua eragiten die”, Arrietak azaldu duenez.

Ipuin honekin eskola ingurunean, aisialdian eta eskolaz kanpoko ekintzetan haurren inklusioa eta integrazioa zein garrantzitsua den azaltzen da. “Kontzientziak ireki eta errespetua, berdintasuna eta enpatia bezalako baloreak sustatu nahi dira. Elkarbizitzarako ezinbestekoa da haurrei ulertaraztea desberdintasunaren balioa eta norberaren burua bestearen larruan jartzearen garrantzia ikustaraztea”, esan du Arrietak.

Gaixotasuna jasaten ari diren haurrak, mugak eta frustrazio uneak gainditzeko gai dira eta hala ere haur zoriontsuak dira. Baina batzuetan laguntza behar izaten dute, eta horretarako ipuinak hainbat fitxa dakar, emozioak kudeatzeko, autoestimua, beldurra, desberdina izatearen kontzientzia hartzea, ea. Oinarrizko 7 emozioak ezagutzen ikasiko dute, “Diario emozionala” idazteko aukera izango dute, ospitaleratzearen ondorioz anaiaren edo arrebaren falta hain gogorra ez izateko, ariketa polit bat irakatsiko zaie eta erlaxazio teknika ikasteko fitxa bat ere izango dute.

Haurrentzako ipuin honen salmentarekin DF/MAS gaixotasunari sendabidea aurkitzeko ikerketa finantzatuko da. Istorioa, hainbat hizkuntzatan argitaratuko da: gaztelaniaz, euskaraz, galegoz, katalanez, ingelesez, frantsesez, italieraz, nederlanderaz eta brasildarrez argitaratuko da.