2021erako ordenantza fiskalen aldaketa izan du aztergai, besteak beste, urriko ohiko osoko bilkuran Bergarako udalbatzak eta aho batez onartu da. Orokorrean, bere horretan lagako dira zerga eta tasak. Aitor Aranzabal Udal kudeaketa zinegotziak azaldu du proposamena udal gobernuaren izenean. Udalaren egoera eta herritarren egoera ekonomikoa aintzat hartuta egin dutela lanketa esan du. Familiengan zama ekonomikorik ez jartzea izan dute helburu, horregatik, orokorrean tasak bere horretan mantentzearekin bat, hainbat hobari ere onartu dira.

Oposizioarekin partekatuta eta adostuta eraman da osoko bilkurara proposamena. Ildo horretan, Aranzabalek eta baita Maite Agirre EAJ-PNVko ordezkariak, akordioa lortu izana jarri dute balioan. Agirrek nabarmendu du haiek egindako emendakinak onartu direla eta lehen aldia izan dela adostasuna lortu dutena.

Hauek dira, aipagarrienak: IBIa bere horretan utzi da. Enpresa txikiak laguntzeari begira bi hobari onartu dira: enplegua sortzeagatik jasoko dituztenak eta COVID-19aren ondorioz kalteak izan dituztenak laguntzeko bideratuko direnak.

Merkataritzak kolpe handia jaso du pandemiaren ondorioz eta lanean jarraitu ahal izateko inbertsioak egin behar izan dituzte osasun egoerak eskatzen dituen neurriak bermatzeko. Lokalak egokitzeko lanak egiten dituztenei, hortaz, %90 hobaria aplikatuko zaie.

Ostalaritzan, ez da kobratuko mahai-aulkiak jartzeagatiko zerga urte osoan, hala ere, maiatzean berrikusiko da eta egoeraren araberako erabakia hartuko da.

Maiz horrela erakutsi ez bada ere, euskararen arloan ere eragin kaltegarria izan du pandemiak. Euskararen normalizazioari laguntzen jarraitzeko eta euren burua euskalduntzeko apustua egiten duten herritarrei laguntzeko, udal euskaltegiko matrikula %15 merketuko da. Langabetuei %25eko deskontua egingo zaie.

Udalekuetarako tarifa soziala jarriko da.

30 egunez egongo da proposamena jendaurrean, legeak agintzen duen moduan eta ondoren egongo da indarrean.

Ohiko osoko bilkura ikusteko: https://youtu.be/yKReKZt0AbU