'Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza' da gaur goizean Mari Jose Telleria Kultura Foru Zuzendariak aurkeztutako Ondarearen Europako Jardunaldien V. edizioaren programaren izena; bertan izan da programa osatzen duten 70 antolatzaileen ordezkaritza txiki bat ere: Leire Arandia, D'Elikatuz zentroko zuzendaria; Rosa Errazkin, Laboratorium Museoko arduraduna; eta Luis Mokoroa, Euskal Gastronomia Elkarteko bazkidea.

Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Ondarearen Europako Jardunaldien bosgarren edizioa aurkeztu du gaur goizean. Bertan, ehun bat jarduera eta 150 ekitaldi izango dira Gipuzkoan zehar, 70 erakundek antolatuta. Programa Gipuzkoa Kulturaren webgunean dago eskuragarri eta irailean hasi eta azaroan amaituko da.

Europako Kontseiluaren ekimen honen helburua da ondarearen garrantzia balioetsi eta herritarrei gerturatzea. "Kontaiguzu ondarea. Ondarea eta Hezkuntza "izenburupean, aurten, transmisioak -ondarea herritarrei kontatzeak eta azaltzeak- ondarea kontserbatzeari eta gozatzeari begira betetzen duen zereginean jarri nahi dute arreta. Halaber, hezkuntza erakundeei eta utzi diguten ondare materialari zein immaterialari balioa ematea da helburua.

Mari Jose Telleria Kultura zuzendariak adierazi duenez, “Aurten, gure ondarea agerian uzteko konpromisoa, ilusioa eta gogoa are handiagoak izan dira aurreko urteetan baino, eta hori erronka handia izan da parte hartu duten eragile guztientzat, Covid-19k eragindako murrizketa eta ziurgabetasunengatik. Gure esker ona adierazi nahi diegu erakunde antolatzaile guztiei, ziur baikaude gipuzkoarrek ONDAREAREN FESTA hau gozatuz baloratuko dutela”.

Izan ere, "Kontaiguzu Ondarea. Ondarea eta Hezkuntza" osatzen duten jarduerek hezkuntza erakundeen ondarea aztertzen duten proposamenak bildu dituzte; adibidez, Ordizian, «Ordiziako irakaskuntzari begirada bat" erakusketa irekiko da urriaren 1ean D'Elikatuz zentroan. "Erakusketa honen bidez, Ordizian XIX. mendearen amaieratik gaur arte egon diren ikastetxeak ekarri nahi dira gogora. Ikasleen, irakasleen, eskolak ematen ziren eraikin edo lekuen, edo ikastetxe guztietako ikasleak biltzen zituzten ikasturte amaierako festen argazkiak ikusi ahal izango dira... Horrekin guztiarekin, hezkuntza prozesu ororen atzean dagoen ondare materiala zein immateriala balioan jarri nahi dugu», adierazi du Leire Arandia D'Elikatuz zentroko zuzendariak.

Bergarak, ekarpen aberatsa

Jardunaldi hauen xedea da ondareari balioa ematea, Gipuzkoako herritarrei ohi ez bezalako beste modu batean gerturatuz, gai komun batekin, eta egun jakin batzuetan. Rosa Errazkin Bergarako Laboratorium Museoko arduradunak honako hau azaldu du:. "Laboratorium Museoak urteak daramatza Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzen. Bergarako ondarea ikusarazteko balio digu, eta aukera bikaina da antolatzen ditugun jarduerei zabalkunde handiagoa emateko. Ezinbestekoa da ondarea babestea, zaintzea eta baldintza onenetan ikusgai jartzen asmatzea. Ondarearen Europako Jardunaldiak bezalako ekimenek bultzada handia ematen diote".

Hain zuzen ere, Bergarako Udaletik (Laboratorium Museoa, Udal Artxiboa eta Kultura Zerbitzua) honako ekarpenak egingo zaizkie Ondare jardunaldiei:

-Artea eta Zientzia Uztartuz ilustrazio zientifiko tailerra.

-Biozientziaren unibertsoa arkeologia tailerra.

-Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXI. zikloa.

-Ilustrazioaren eragina euskal dantzan hitzaldi musikatua.

-Bergarako geologia eta ondarea ezagutu familian bisita gidatua.

-Nola identifikatu gure zuhaitzak eta zuhaixak bisita gidatua.

Aparteko egoera bizi dugun arren, aurten 2019an baino eskaintza handiagoa izango dute herritarrek; izan ere, erakunde gehiago animatu dira antolatzaile gisa parte hartzera (% 30). Hori da, hain zuzen ere, Gastronomiaren Euskal Kofradiaren kasua, aurten lehen aldiz parte hartuko baitu jardunaldietan, eta lau jarduera antolatuko ditu. "Kofradiak, 1961ean sortu zenetik, euskal sukaldaritza ezagutzera eman nahi izan du munduan, besteak beste, ekitaldien bidez. Gaur egun ez daukagu hasieran besteko oihartzunik, eta, horregatik, gure lana zabaltzen jarraitu nahi dugu. Horretarako, gizarteari gure ekarpena egin nahi izan dugu, Ondarearen Europako Jardunaldiak bitarteko direla, gure kofradiari dagozkion 4 jarduera antolatuta. Adiskide eta laguntzaile baten bidez izan genuen aukera horren berri, eta proposatu zigunean ez genuen zalantzarik izan gure helburuekin bat zetorrela eta ezin hobeto egokitzen zitzaiola sukaldaritzako ondarea transmititzeko dugun xedearekin” azaldu du Luis Mokoroak, Euskal Kofradiako kideak.

"KONTAIGUZU ONDAREA, Ondarea eta Hezkuntza" jarduera programa oso zabala da, eta hainbat gai jorratzen ditu: zinema, botanika, musika, dantza, mitologia, gastronomia, hiri kultura, artea, arkitektura. Gainera, ikusleek gazteentzako, familientzako eta helduentzako jarduerez gozatu ahal izango dute: ikuskizunak, fanzine tailerrak, bisita eta ibilbide antzeztuak edo gidatuak, tailer edo jardunaldi gastrokulturalak, erakusketa fisiko eta birtualak...

Jardunaldi hauek herritarrengana hurbiltzeko asmoz, Foru Aldundiak jardunaldiei buruzko liburuxkak argitaratu ditu, museoetan, turismo bulegoetan eta kultur etxeetan banatzeko. Programa osoa Gipuzkoa.eus webgunean dago eskuragarri, hemen.

Ondarearen Europako Jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua da; K6 Gestión Cultural enpresaren bulego teknikoak egin ditu koordinazio lanak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila arduratu da aholkularitzaz, Iñaki Arrieta irakaslea bitarteko dela. Era berean, bosgarren edizio honetan Kultura Departamentuak Mondragon Unibertsitateko Leinn graduko ikasle talde baten parte hartzea izan du, programa hau gazteei hurbiltzeko asmoz.

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak elkarlanean aritu dira Eusko Jaurlaritzarekin, jardunaldiek Euskadi osoan duten eragina indartzeko, ahaleginak optimizatzeko eta esperientziak trukatzeko.