Bergarako Udala-k Og, 2020-06-04 11:32-n bidalia
Deseskalatze fase berri honetan, izaera sozialeko ekintzak beti ere segurtasun neurriak ahalbideratuta baimentzen ari diren honetan Udalak jakinarazten du honako guneak zabalduko direla:
Herriko hilerria zabalik dago joan den ostiraletik. Gune irekia izanik ez da sarrera mugatu, nahikoa da jendearen arteko distantziak mantenduta edo, segurtasun distantziak mantendu ezin direnean, maskarak erabilita.
Ildo horretan Udalak bi aldaketa txiki egin ditu hilerrian: batetik, loreak ureztatzeko iturri ondoan eskuragarri zeuden ontziak kendu ditu. Hortaz, egoera aldatu artean norberak eraman beharko du ontzia. Eta, bestetik, hiru zaborguneetatik bi kendu ditu eta bakarra utzi du, oinpekoarekin zabaltzeko modukoa.
Kirol esparruari dagokionez, ostiralean zabalduko dira Labegaraietako kanpoko gunea eta tenis pista, eta udalerriko pilotalekuko itxiak (Ubera, Bolu eta Zabalotegi). Udal Pilotalekua ere zabalduko da, azken hau momentuz federatuen entrenamenduetarako bakarrik.
Udalaren kirola zerbitzu hauek erabili ahal izango dira segurtasun baldintzak beteta eta beti ere aldagelak itxita daudela; azken horiek erabiltzea galarazita dago.
Udal liburutegiari dagokionez, ostiralean zabalduko ditu ateak momentuz bakarrik goizez 08:30etik 14:30era. Erabiltzaileei gonbidapena egiten zaie maileguan hartuta dituzten liburuak eta bestelakoak bertara eramateko horiek berrogeialdian jartzeko. Era berean, erabiltzaileek mailegu berriak hartu ahal izango dituzte beti ere liburutegiko langileei eskatuta. Umeen kasuan, guraso batek lagunduta joan beharko dute, eta horiek ere mailegatzeko eskaera egin beharko diete liburutegiko langileei.
Heldu zein ume maskarilla jantzita sartu beharko dira liburutegira.
Larunbatean ere zabalik egongo da udal liburutegia 09:00etatik 13:00etara bitartean.
Egun horretan, larunbatean, zabalduko ditu ateak Laboratorium Museoak. Segurtasun distantziak mantenduta bisitatu ahal izango da ohiko egun eta ordutegietan: asteazken eta ostegunetan 10:00etatik 14:00etara; ostiral eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta igandetan 10:00etatik 13:00etara.
Horrez gain, Udalaren jabetza diren baina elkarte eta bestelako eragileek erabiltzen dituzten hainbat lokal ere asteazkenetik aurrera zabaldu eta erabil daitezke beti ere segurtasun baldintzak betetzen badituzte: hala nola, Goikorock-ek kudeatzen dituen musika taldeen entsegu lokalak, Beart-ek Boluko lokala, Buztinzale elkarteak Zabalotegikoa, Alai Taldeak eta Aritzetak Mizpildiko eliza, Arizondo argazki taldeak Zabalotegikoa, Taila elkarteak Zabalotegikoa eta Bergarako Erraldoi Taldeak Zabalotegikoa, besteak beste. Udalaren jabetza diren baina elkarte zein eragileek kudeatzen dituzten beste lokalak ere zabaldu ahal izango dira beti ere baldintza hauetan: 15 pertsonatik gora ez elkartzea, eta beti ere indarrean dauden segurtasun neurriak hartzea.