20.000 euroko hasierako poltsa bat sortu du Udalak www.kuttuna.org webguneak bultzaturiko erosketa bonuen bitartez herriko merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu sektoreko establezimenduak laguntzeko. Horri esker, gutxienez, 100.000 euro iritsiko lirateke aipaturiko negozioetara.

Bergarako Udalak bat egin du Magnet Kooperatibak bultzaturiko www.kuttuna.org webguneak martxan jarritako irabazi asmorik bariko egitasmoarekin, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimenduak laguntzea helburu. Hain zuzen ere, 20.000 euroko hasierako poltsa bat sortu du web plataformak bultzaturiko erosketa bonuetarako -konfinamendu egoera bukatzean eta dendak irekitzean edo zerbitzuari berreltzean erabili ahal izango dituzte herritarrek-, eta, horri esker, 100.000 euro iritsiko lirateke aipaturiko negozioetara. Horrek, itxita egon bitartean diru-sarrera batzuk izatea ahalbidetuko die aipaturiko negozioei. Bada, ekinbidea maiatzaren 2tik aurrera dago martxan. Honako hau da Bergarako Udalak herriko komertzio, ostalaritza eta zerbitzuei zuzenduta prestatzen dabilen ekintzetako bat.

Gauzak horrela, herritarrek erosten dituzten bonuen zenbatekoaren %20 diruz lagunduko du Bergarako Udalak, beti ere, bonua 200 eurora artekoa bada -25 eurokoa da bonuen gutxieneko balioa-. Hain zuzen ere, erosleak, 40 euroan eskuratuko luke 50 euroko bonua; edo, 160 euroan, 200 eurokoa. Bestetik, laguntza erosketa ezberdinetan banatu eta ahalik eta establezimendu kopuru handienera hel dadin, pertsonako 400 euroko muga ezarri da bonuak erosteko. Hala, erosketa bonua eskuratu gura duenak izena eman beharra dauka www.kuttuna.org webgunean. Eta, ostean, txartela erositakoan, PDF formatuko fitxategi bat deskargatzeko aukera izango du -e-posta helbidean ere jasoko du eta uneoro eskuragarri izango du web plataforman-. Horixe bera izango da aukeraturiko establezimendua berrirekitzean hark eskainitako produktuen edo zerbitzuen trukean erosleak edo erabiltzaileak eman beharko duena. Bestetik, jadanik erosketa bonua eskuratua zutenek haren balioaren %20ko laguntza jasoko dute: hala, %20 handituko da bonuen balioa.

Establezimenduen atxikitzea

Konfinamenduak eraginda itxita dauden herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimendu guztiak atxiki daitezke ekimenera. Horretarako, hori bai, izena eman beharko dute www.kuttuna.org webgunean, Merkataria zara? atalean. Bertan, komertzioaren profilari dagozkion datuak bete beharko dira, ordainketa sistemarena salbu -Bergarako Udalak kudeatuko du hobaria duten bonuen ordainketa, eta, era berean, Udala egingo da salerosketa komisioaren kargu-. Hasiera batean, bonuen balioaren %80 ordainduko die Udalak establezimenduei, eta irekitzen direnean eta bezeroek erosketa bonuak erabiltzen dituztenean jasoko dute gainontzeko %20a.

Zehatz esanda, honako hauek izango dira egitasmoarekin bat egin ahal izateko establezimenduek bete beharreko baldintzak: -hamar langile baino gutxiagoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimendua izatea. -pertsonei begirako produktuak edo zerbitzuak eskaintzea eta konfinamenduaren eraginez itxita egotea.

Bestetik, bonuak ezingo dira alkohola, tabakoa, loteria edo apustuak eta ibilgailuen erregaia erosteko erabili.

Bono hauek 2020ko abenduaren 31ra arte gastatu ahal izango dira.

Bada, Bergarako Udalak 943 779100 telefono zenbakia eta garapena@bergara.eus posta elektronikoa jarri ditu zalantzak argitzeko edo alta prozesuan laguntzeko.