Egoera zailaren aurrean gaude guztiok: konfinamendua eta ezjakintasuna. Egoera gogorrak osasun aldetik, baina baita beste ikuspegi askotatik ere: nagusiak isolatuta osasunaren izenean, bakardadeari aurre egitera kondenatuta. Etxetik irtenda edo bere erasotzailea irtendakoan arnasa hartzen zuen emakumea etxean egotera behartua, osasun arazoak dituzten asko eta asko bere bizia arriskuan sentitzearen antsietateak hartuta. Egoera gogorrak eta erantzun kolektiboak beharko dituztenak. Eta hori da geratzen zaiguna: guztion artean antolatu eta sortu diren behar, beldur eta arazoei aurre egitea.

Laguntza sareak osatu dira erosketa beharrei eta hondakinak ateratzeari erantzuteko, baina zaintza lanak dira hurrengo asteetan izango dugun erronka handiena. Egin gaitezen kargu ingurukoetaz: zela dauden galdetu, zerbait behar badute ahal dugun neurrian lagundu, eta aukerarik ez baduzue, jarri harremanetan zerbitzu publikoekin.

Guri herritarren alde lan egitea dagokigu, kaleetan garbiketak indartu dira, eta etxe askotara deika ari gara beharrak identifikatzen. Beharrak sortu ahala, erantzunak bilatzeko ahalegina egingo dugu.

Herritar sarearen koordinazioa

Bergara Zaintzen herritarrak laguntzeko sarearen parte da Udala eta ekimen honen koordinazio lana egiten dihardu. Udalak hainbat baliabide jartzen dihardu eta Gizarte Zerbitzuetatik detektatuta dauden bakarrik bizi diren 600 pertsona nagusiren etxetara deitu da Udaletik; horrekin batera Udaleko 010 telefono zenbakia dago eskuragarri laguntza behar duten pertsonek eskaerak egiteko. Egunero 08:00etatik 18:00etara jasotzen dira deiak.

Udaltzaingoaren ohartarazpenak

Udaltzaingoa mugimenduetan ezarri diren mugetaz ohartarazten ari da: lehen beharreko erosketak egin, osasun zentroetara joan eta zaborra jaistea bezalako kasu berezietan soilik dago baimenduta kalean ibiltzea. Horretarako oharrak jarri dira atari eta baserri-auzo guztietan eta udaltzainen ibilgailuak megafonía bidez mezua zabaldu du kalez-kale.

Horrekin batera, Udaltzaingoa ohartarazpen hori betetzen dela ziurtatzen ari da, bai oinezkoen eta baita ibilgailuen kasuan ere. Gainera, osasun zentroen, lehen beharretarako irekita dauden saltokien barruan eta kanpoaldean zein autobus geltokietan jende pilaketarik ez egotea bermatzen dabil. Eskatu laguntza lasai udaltzainei, behar izanez gero.

Udal Brigadak garbiketa eta desinfektatze lanak

Udal Brigadei dagokionez, Udaleko beste departamenduetan bezala, joan den astetik osasun-segurtasunerako pauta berriak ezarri ziren, Gomendio berrien arabera egokitzen doazenak. Eta astelehenetik ekin diote errepide eta espaloi zein hiri-mobiliarioa garbitu eta desinfektatzeari. Horretarako, kale garbitzaileez gain Brigadetako beste kide batzuk ere bideratu dira, ohiko jarduna bertan behera utzita.

Bide zail eta neketsua izango da, baina orain, derrigorrez bada ere, EGIN DEZAGUN HERRI!