Eskola Kirola programak 25 urtetik gora darama Bergaran, eta aspaldi errotutako programa da. Herritar guztion bizi-kalitatea hobetu eta umetatik herri hobeago bat eraikitzeko, oinarri garrantzitsua da Eskola Kirola.

Ildo horretan, Udalarentzat ezinbestekoa da guztiontzat berdintasun aukerak bermatzea. Horregatik, erantzun nahi izan dio guraso batzuen eskariari. Hala, 2017-2018 ikasturtean ohiko eskaintzari Eskola Kirol Egokitua gehitu zion. Eta 7 umek hartu dute parte. Astean zehar bi saio egin dituzte bata gimnasioan eta bestea igeritokian, eta dinamika berdinean jarraituko dute 2018-19 ikasturtean. Horrez gain, asteburu batzuetan irteerak egiten dituzte. Eta orain behar duen jarraipena eman eta baliabide guztiak bermatzeko Gipuzkoako Eskola Kirol Egokituaren Federazioarekin hitzarmena sinatu berri dute Udalak eta Gipuzkoako Eskola Kirol Egokituaren Federazioak.

Bergara Debagoieneko lehen herria da maila horretako hitzarmena gauzatu duena, eta Udalaren helburua da, esan bezala, herri aktiboa izateko ahalik eta aukera gehien ematea herritar guztiei.

Gipuzkoako Eskola Kirol Egokituaren Federazioak oso balorazio ona egin du Bergarako esperientziaz. Hain zuzen ere, arduradunek azaldu dute guraso guztiek eskatu izan dutela gaur egungo asteko 2 orduak 3 ordutara luzatzea, beraien seme-alaben garapenean duen onuragatik.

Bergaran 7 ume ari dira dinamika honetan, eta beraiekin lanean koordinatzaile bat eta hiru monitore daude.

Federazioak 6 eta 14 urte bitarteko 143 umerekin egiten du lan Gipuzkoan.