Aurten ere kultura ekintza ugari izango dira Bergarako kaleetan uztailean eta abuztuan. Udalak urteak daramatza eskaintza hori bermatzen eta urtez urte emaitza oso onak ematen ditu; herritarrek eskertzen dute. Uztaila garai aproposa da kalean kulturaz gozatzeko, eta abuztuan herrian gelditzen direnek ere eskertzen dute eskaintza izatea.

Azken 17 urteotan ohiko den bezala, uztaileko ostiraletarako Berumuga programa antolatu da Espoloian. Aurten ere punta musikariak izango dira: Shirley Davis & The Silverbacks, The Cherry Boppers, Ash Grunbald Band eta Welma Powell & Bluedays.

Horrez gain, uztailerako hiru kale ikuskizun antolatu dira gune desberdinetan; eta eguraldiak lagunduko ez balu Seminarioko karpan egingo lirateke. Hauek izango dira: Lapur minak kale antzerkia, Chef nature kale antzerkia eta klasiko bihurtu diren dantza folkloriko emanaldiak - aurtengoan Irlandako Trim The Velvet eta Thailandiako Chanthaburi, hain zuzen ere. Horrez gain, uztailean gaztetxoenei zuzendutako bi film izango dira: Batman eta Printze Txikia.

Abuztuari dagokionez, gauetan helduentzat egingo diren bost zine emanaldiez gain, halako ikuskizunak izango dira. Babo Royal kale antzerkia, Igelaren Banda taldearen kontzertua, Suakai Elektrikoaren emanaldia, Eskobien Atzien ikuskizuna eta Pantxoa eta Arantxaren kontzertua.

Arloa: