Bizikidetzaren aldeko apustua egiten du Bergarako Udalak. Bizikidetza lasai eta errespetutsuan sinesten dugu, eta ildo horretan, Udalak memoria historikoa berreskuratu eta balioan jartzea ezinbestekotzat dauka.

Udalak bide horretan dihardu urteotan eta horren adibide da 2017an Intxorta 1937 Elkarteak eta Udalak bi erakundeen arteko elkarlana sendotzeko hitzarmena sinatu izana. Orain arte hainbat ekimen egin izan dira elkarrekin.

Hala, iazko Udaleko azken osoko bilkuran, Frankismo garaiko gizateriaren aurkako krimen guztiak ikertzeko kereila jartzea onartu zuen Udalbatzak aho batez. Hori gauzatzeko, Frankismoaren biktimen testigantzak jasoko ditugu. Aukera hori ematea oso garrantzitsua da eta ekimena gero borobildu egingo dugu kereila aurkeztuta.

Hori esanda, Elena Lete alkateak jakinarazi du harro esaten duela Udalbatzak aho batez onartu duela ekimen hau eta Bergarako Udaletxean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak daudela hemen presente. "Gure babes guztia jaso dezatela krimen horien biktima izan diren herritarrek".

Horren ostean, Intxorta 1937 Elkarteko Nerea Villak azaldu du Bergarako Udalak eta Intxortak Frankismoaren herriko biktimen testigantzak jasoko dituztela, hemengo epaitegian eta Argentinan kereila kriminalak aurkezteko.

Testigantza hauek jasotzeko hilabeteko epea zabalduko da gaurtik hasita martxoak 12ra arte. Frankismoaren biktima izan direnek Udaletxera deitu beharko dute 943 779101 telefono zenbakira eta bertan beraien izen-abizenak utzi.

Nerea Villa jarriko da beraiekin harremanetan pertsona horiekin elkarrizketak gauzatzeko. Elkarrizketak Udaletxean egingo dira edo, nahi izanez gero, pertsona horien etxeetan ere egin daitezke, beti ere giro intimo eta goxoan. "Badakigu norberaren aldetik lan bat eskatzen duela, baina pentsa dezatela barruak husteaz gain, historia idazteko aukera dela. Horregatik, eskerrak eman beharrean gaude".

Era berean, Villak gogoratu du lehen pertsonako testigantzez gain, senitarteko eta hurbilekoenak ere ongietorriak izango direla.