Bergarako Udalak apustu sendoa egin nahi du herrian berdintasuna bermatzeko. Hala, Berdintasun teknikaria kontratatu du eta hainbat ekimen ditu esku artean.

Historia pixka bat

Udalak 80ko hamarkadatik antolatu izan ditu berdintasunarekin lotutako ekintzak: batez ere, hitzaldiak eta gerora sentsibilizazioarekin lotutako hainbat jarduera. 2009an pauso bat harago eman zen eta Emakume eta Gizonen arteko berdintasun diagnostikoa egin zen. Gero, 2010ean 1. Berdintasun Plana onartu zen, eta plana garatzeko udal-langile baten jardun zati bat horretara bideratu zen. 2014ra arte luzatu zen plan horrek balio izan zuen Udalean bertan berdintasunerako oinarriak ezartzeko eta lan ildoak zehazteko.

Pauso sendoak

Udal honek oso argi dauka bizikidetzarako berdintasuna bermatzea ezinbestekoa dela, eta horren bidean lanean dihardu gero eta ahalegin handiagoa eginez. Hala, 2016an Biolentzia matxistaren kontrako protokoloa osatu zen, Udalbatzako alderdi guztiekin eta Martxanterekin batera. Horrez gain, Berdintasun 2. Plana eta Berdintasunerako Kontseilua osatzea erabaki zen.

Eta orain beste jauzi kualitatibo bat eman da. Laster izango ditugu Daiteke enpresari enkargatutako 2. Berdintasunaren Planaren ondorioak. Horiek Udaleko teknikari guztiekin eta Martxanterak-ekin prozesu parte-hartzailean eta Emakumenderekin kontrastatuta, martxan jarriko ditugu. Eta horren ardura izango du Udalak kontratatu berri duen Berdintasun teknikari berriak, nire alboan dagoen Ilargi Etxebarriak.

Udalarentzat oso garrantzitsua da zeregin horretan arituko den Berdintasun teknikaria izatea; figura hau izanda aurrerapauso garrantzitsuak eman ahal izango ditugu arlo honetan. Bide horri ekingo diogu.

Ilargi Etxebarria Berdintasun teknikari berriak Udalak arlo honetan dituen erronkak zerrendatu ditu:

-Berdintasunaren II. Planaren elaborazioa bukatzea eta partekatzea. Prozedura sakona ari da izaten, eta parte-hartzailea. Maiatzerako izango ditugu ondorioak. -Berdintasunerako Kontseilua osatzea: espazio honek balio du herriko emakumeen beharrak eta ekarpenak jasotzeko, eta Udalak egiten duen lana gainbegiratzeko eta laguntzeko. Kontseilua osatzea pauso oso garrantzitsua da, berdintasunaren helburuari sendotasun eta iraunkortasun handiagoa ematen dielako.

Lan horiek gidatzeaz gain, Ilargi Etxebarriak herritarrei arreta egingo die Udaletxean bertan. Hala, astero Udaletxeko Ganbaran izango da asteazken eta ostegunetan 09:00etatik 14:00etara, eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara. Bere eginbehar nagusia izango da Udalean eta herrian berdintasunaren inguruko kontzientzia eta orientazioa lantzea, eta genero perspektiba herriko politikan bermatzea. Ateak zabalik ditu edozein proposamenerako.