Bergarako Udaleko Kirol Zerbitzuak, BPXport kirol zerbitzutako enpresekin batera, Kirol Enbajadoreak programa aurrera eraman dute 2017 martxoa eta ekaina bitartean. 65 urtetik gorako pertsonei zuzendu da programa eta Agorrosineko erabiltzaile diren 4 gizon eta 4 emakumek hartu dute parte bertan. Programa honetan parte hartzaileek indar entrenamenduak zein entrenamendu aerobikoak landu dituzte.

Maite Agirre zinegotziak nabarmendu du "Udal gobernutik Bergara hobe baten alde lanean" ari direla eta horretan eragin nahi dutela, "bergararron ongizatea hobetzeko". Testuinguru horretan kokatu du Agirrek kirol programa horri esker pertsona nagusi hauen osasunak hobera egin izana.

Programaren gidari izan den BPXport enpresako Junkal Zubizarretak programaren nondik-norakoak azaldu ditu, eta azpimarratu du aukeratutako pertsonak nahiz eta dagoeneko kirola praktikatzen zutenak izan, asko hobetu dutela egoera fisikoa. Horregatik, eta are gehiago programako parte-hartzaileen testigantzak entzun ostean, Udaleko kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk aldarrikatu du kirola egiteak edozein adinetan duen onura: "Hemen dauzkagu 8 adibide oso adierazgarri. Horregatik honako mezua luzatu nahi diet herritarrei: inoiz ez da berandu kirola egiten hasteko, onurak begi bistan daude-eta".

Arloa: