Bergarako 750. urteurrena bizi dugu urte honetan. Poliki-poliki ekintza ugari egiten gabiltza gure iragana hobeto ezagutu, gure aurrekoei errekonozimendua eman eta herri moduan irmo aurrera egiteko. Horietan guztietan herritar askoren parte-hartzea funtsezkoa izan da, eta gaur aurkeztuko dugun erakusketaren ildo eta edukia ere hala zehaztu da, herritarrek sortutako Mahai Historiko-zientifikoaren bitartez. Horrez gain, erakusketan ikusi ahal izango diren piezatako asko Mariaren Lagundiak, Miguel Altunak, Buruñaoko Kofradiak zein herritarrek egindako dohaintzak. Eskerrik asko lanean ari zareten herritar guztioi!

Gaur egun ezagutzen dugun Bergarara heltzeko lan ugari egon da aurretik. 1268an Bergarak Hiri-agiria jaso zuenetik gaur egunera arteko mugarri nagusietan oinarritutako ibilbidea egitea proposatzen dizuegu.

Eta hori guztia gozotzeko, ostiralean erakusketaren inaugurazioan Wolfram Goxoa Bergarako urteurrenaren postrea ere aurkeztuko dizuegu, gure historian txertatutako elementu oso garrantzitsu batekin lotura zuzena duena. Izan garelako izango gara!

Laboratoriumeko aldi bereko erakusketa gelatan erakusketa oso argigarria jarri dugu, gure historia lau atal nagusitan banatzen duena: Lurraldea, Elkarbizitza, Ekonomia eta Kultura. Horrekin batera, Laboratoriumen sarreran modu iraunkorrean Emakumeen presentzia eta garrantzia nabarmentzeko beste panel batzuk egongo dira. Eta Domingo Irala kalean erakusketarekin lotutako beste plataforma bat, erakusketa honetan ikusiko duena laburbildu eta Laboratoriumera berau osotasunean ikustera etortzera gonbidapena egingo duena.

Gure historiaren mugarriak zehazteko Mahai Historikoak jarri ditu oinarriak; eta hala aurreikusi dugu erakusketaren edukia. Erakusketa urtarrilaren 9ra arte egongo da ikusgai Laboratorium museoak duen ordutegian.

Wolfram Goxoari dagokionez, Udalak erabaki zuen gure historian oso txertatuta dagoen Wolframioa oinarri hartuta -zer esanik ez Bergarak jaso berri duen Historic Site izendapen garrantzitsuarekin- postre bat asmatzea, eta hala egin dugu. Ostiraleko inaugurazioan probatu ahal izango da; eta hortik aurrera hainbat puntutan eskuratu ahal izango da. Basque Culinary Centerrek sortu du Udalak hala eskatuta; eta gerora herriko hainbat gozogile, ogigile eta sukaldarik ikastaroa jaso dute beraien negozioetan prestatu eta salmentan jartzeko.

Urriaren 21etik aurrera honako negozioetan eskuratu ahal izango da Wolfram Goxoa:

-Larrañaga gozotegia.

-Bolintxo Fraiskozuri.

-Bolintxo Bidekurutzeta.

-Ogiberri Espoloia.

-Ogiberri Elkoartzi.

-Ogiberri Tripontzi.

-Lasa jatetxea.

-Zumelaga jatetxea.