Bergaran 2009tik martxan da Auzoko egitasmoa. Bergarako Udalaren laguntzarekin, Jardun euskara elkarteak bultzatzen du egitasmoa; eta bere helburu nagusia da euskara ez dakitenak, beste herrialde batzuetatik etorri berriak direlako edota urteetan Bergaran bizi arren euskararekin oso harreman txikia dutelako, euskarara hurbiltzea. Dinamika erraza da, auzotar eta auzoko kidez osatuta daude taldea. Auzotarrak borondatez ari diren laguntzaile euskaldunak dira eta auzokideak, berriz, euskaratik urruti bizi direnak eta ikasi nahi dutenak. Hala, dinamizatzaile baten bidez, komunikazioa errazteko dinamikak bultzatzen dira, euskara oinarri dela beti ere. "Euskara ikastea bultzatzeaz gain, integrazioa eta sozializazioa ere helburu badira eta modu honetan, Bergarako ekintza nagusietan ere parte hartzen dute, besteak beste, festetan edota erreka garbiketan. Ekimen propioak ere antolatzen dira, herritarrak bertaratzera gonbidatuz. Guzti honen helburua, proiektua ikustarazi eta lagun taldetik haratago, herritarrekin euskarazko elkar ekintza bilatzea da", agertu du Izaskun Labaien Euskara zinegotziak.

Honela, gaur egun 4 lagun daude; emakumeen taldea, bi talde misto eta Osintxuko taldea. Emakumeen taldea, asteazkenetan 18:30tan, udal liburutegian biltzen da, talde mistoak ostiraletan, bat 10:30tan eta bestea 18:00etan, udal liburutegian eta azkenik, Osintxuko taldea bi astetik behin biltzen da, astelehenetan 18:30tan, ludotekan. "Adin tarte eta nazionalitate desberdinetako jendea elkartzen gara eta euskara modu ludikoan lantzen dugu. Izaskunek esan duen moduan, herrira zabaltzeko ekintzetan parte hartzen dugu, adibidez San Martinetako tanborradan, erreka garbiketa ekimenean, Bergarako jai eta festetan edota erramu zapatuan. Orain arteko lana garrantzitsua da baina pauso berriak eman behar dira eta horregatik, lehenbiziko Auzoko Astea prestatu dugu. Azaroaren 14tik 18ra bitartean, euskara eta Auzoko programa ezagutu eta ezagutzera emateko jardunaldiak izango dira. Euskaldun zein euskaraz ez dakitenei zuzendutako ekintzak izango dira", adierazi du Maddi Aspiazu proiektuko arduradunak.

"Bukatzeko, auzotar zein auzokide guztiei eskerrak ematea bakarrik geratzen zaigu, euskararen alde egiten duten lana eta ahalegina asko baloratzen baitugu. Eta, auzotar eta auzoko izateko interesa dutenei lasai etortzeko deia zabaldu nahi dut, parte-hartzea doakoa da, interesa eta gogoa besterik ez da behar. Eta azkenik, denon artean prestatu dugun Auzoko Astean parte hartzeko deia luzatu nahi diet bergararrei. Ekintza desberdin ugari ditugu eta denen interesekoak izango direlakoan gaude. Beraz, animatu eta hartu parte!!", amaitu du Labaienek.

EGITARAUA

 

Eranskinak: 
Arloa: