Ondarearen Europako Jardunaldiek aurten honako gaia izango dute: "Etxetik kanpo: migrazioak eta kultur ondarea". Horrenbestez, jardunaldion barruan, Bergarako Udalak hitzaldi bat antolatu du irailaren 24rako (datorren larunbata) Jauregi etxeari buruz. Eraikin hau benetan aparta-aparta da, eta Bergarak berez orokorrean duen ondare historiko-artistiko bikainaren artean ere gailendu egiten da; izan ere, Bergarak du Euskal Herrian dagoen bizitegi-arkitekturako multzo monumentalenetarikoa, Erdi Aroko eta Aro Modernoko dorretxe eta jauregi ugari ditu, hogeita hamarretik gora.

Hitzaldi honetan azpimarratu nahi da zer nolako ezaugarri bereziak dituen Jauregi eraikinak; batez ere, lehen solairuko erliebe apaingarri ezohiko honek duen interesarengatik. Erliebe hau, zorionez, 2007an birgaitu zuten, Bergarako Udalaren ekimenez eta Banco Guipuzcoano banketxearen finantzaketari esker; birgaitze-lanak "Petra Sociedad Cooperativa" enpresak egin zituen.

Hitzaldian zehar, Euskal Herriko behe Erdi Aroko artean aditua den Jesus Muñiz Petralanda irakasleak erakutsiko digu honako friso hau bi tradizio artistiko oso ezberdinen eta urrunekoen fruitua dela; bi tradizio horiek –gure gertuko inguruarekin zer ikusirik gabe– kanpotik iritsi eta, zorionez, era ezohikoan, hemen bateratu ziren. Materialari eta exekuzio-teknikari buruz, igeltsuz egindako modelatua da; zalantzarik gabe, Euskal Herrian dagoen arte mudejarraren kalitate goreneko lana, nahiz eta genero honetako lanak Euskal Herrian urriak izan. Oso aipagarria da, halaber, azaltzen diren gaiak, luxu handikoak, koroidun pertsonaien bustoak edo gorte-giroko denbora-pasak, hala ehiza nola musika. Eta hau guztia azaltzen da landarezko hondo batean, landare-hondo trinko eta aberatsa; eta hondo horretan, aldizka, animaliak ere agertzen dira, elkarri aurpegia ematen. Elementu horiek guztiak gotiko berantiarraren estetikaren isla fidagarri eta bikainak dira. Horrela, exekuzio materialari buruzko gogoetek, azken finean, islamiar artea gogoratzen digute; baina inspirazio-iturriek eta eredu grafikoek, berriz, Europako iparralderantz garamatzate, Alemaniako grabatzaileen girorantz. Horrela, migrazio artistiko horiek batu egin ziren arte-lan bikain, bakun eta bakar honetan, Deba ibaiaren bailarako herri eder honetan.

Hitzaldia Bergarako Udaletxeko ekitaldi-aretoan izango da, 11:00etan; eta ondoren, osagarri gisa, bisita komentatua egingo da Jauregi etxeko fatxadaren aurrean bertan. Horrela, eraikina kokatu ahal izango dugu hiribilduko testuinguru historiko eta urbanistikoan, XV. mendetik XVI.erako mende-aldaketa horretan zehar; lan honen sustatzailea zein izan zen ere ezagutuko dugu; eta baita eraikin noble honek zer nolako aldaketa-jarduketak jasan dituen ere bere bost mendeko historian zehar.