Bihar, uztailak 15, emakumeen txirrindularitzaz gozatzeko aukera izango da Bergarako kaleetan. Demasa Kriterium proba 18:30ean hasiko da eta guztira, 50 txirrindulari inguruk hartuko dute parte infantil, kadete, gazte mailako, 23 urtez azpiko eta elite mailetan banatuta. "Garrantzitsua da emakumeei lehiatzeko aukerak ematea, izan ere, ez dute gizonezkoetan moduko egutegirik izaten, eta garrantzitsua da behintzat honelako proba bat egotea. Gainera, gure helburuetako bat emakumeen talde bat sortzea da eta ea lortzen dugun emakumeak txirrindularitzara gerturatzea", adierazi du Lokatza taldeko Jon Unamunok.

Honela, proba ahalik eta erakargarriena izateko, kriterium moduan izango da. Kilometro bateko ibilbidea izango da eta guztia, herri barruan. "Ez da lasterketa soil bat, oso ikusgarria da. Bi modalitate izango dira, puntuazioaren araberakoa bata eta eliminaziozkoa bestea, bizkortasunak sariak izango ditu beraz", gaineratu du Unamunok.

Elena Lete Bergarako alkateak probaren berdintasun balorea nabarmendu du; "balore gehigarria du, berdintasunarena. Eta nahiz eta tanta bat izan, tantaz-tanta, itsasoa sortzen da. Emakumearen presentzia kirolean izatea garrantzitsua da eta beraz, eskerrik asko. Udalaren laguntza beti izango duzue honelako ekimenetan eta herritarrei parte hartu eta emakumeak animatzera irteteko deia egin nahi diegu". Zentzu beran agertu da Kilometroak 2016ko Ikuskizun Batzordeko kidea den Maite Fernandez: "Kirola oso eremu maskulinoa izan da, eta bada garaia horri buelta emateko. Azpimarratzeko da urte hauetan Lokatza egiten ari den lana. Emakumeek ikusgarritasuna eta erreferentzialtasuna izango dute ekimen honetan, protagonista izango dira. Tradizionalki emakumeei eman izan zaien baloreei buelta eman, eta Bergarako kaleak hartuko dituzte aurten ere".

DEMASA KRITERIUM

Ordua: 18:30ean

Lekua: Ikastolako jolastokian izango du hasiera eta bukaera. (Ikastola, Herrilagunak, Irala, Kruz Gallastegi, Bideberria, Ibargarai eta Ikastola).

Mailak: Infantilak, kadeteak, gazte mailakoak, 23 urtez azpikoak eta elite mailakoak. Guztira 50 txirrindulari inguru.

Sari banaketa: Ikastolako atarian egingo da

 

Arloa: