Bergarako Udala-k Az, 2016-07-13 14:10-n bidalia
Uztailaren 15etik, ostiraletik, aurrera kanpotik ekarritako ale bat izango dugu gonbidatua Laboratoriumen. Hau Tomas Zumalakarregi (1788- 1835) jeneral karlistaren kanpainiako idazmahaia izango da. Pieza hau Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eta Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan gordetzen da. XIX. mendeko alea da hau. Kutxa txiki baten itxura dauka eta errektangeluarra da. Zurez eginikoa da eta ertzetan letoizko errefortzuak ditu. Zabaltzen denean, idazteko mahai txiki batean bihurtzen da, Zumalakarregi jeneralak bere kanpainetan erabiltzen zuena. Bergarara ekartzen dugu ale bitxi hau Zumalakarregi jenerala Lehenengo Karlistadan protagonismo handia izan zuen pertsonaia izanik, denboran bat egingo duelako aurtengo abuztuaren 31an Bergaran, Laboratorium Museoan, inauguratuko den 1839: Bergarako Besarkadaren aurrean keinua eta interpretazioa erakusketarekin.
Tomas Zumalakarregi
Tomas Zumalakarregi (Ormaiztegi,1788 / Zegama,1835) gipuzkoar militarra izan zen, jeneral gradua lortzera iritsi zena. Bere ibilbide militarra guda napoleonikoan hasi zuen, 1812 urtean eta kapitain maila lortu zuen orduan. Hirurteko Liberalean (1820-1823) boterean zeuden liberalen aurka matxinatu ziren errealistekin edo absolutistekin bat egin zuen eta Nafarroako Boluntarioen bigarren batailoiko komandantea bezala aritu zen.
Fernando VII.a erregea hil zenean (1833) erresuma bitan zatitu zen (Lehenengo Karlistada): liberalek Isabel II.aren alde jarri ziren eta absolutistak edo karlistak Karlos V.ena erregegaiaren alde. Azken hauekin bat etorri zen Tomas Zumalakarregi. Honek lan handia eraman zuen aurrera boluntarioak baino ez ziren giza taldeak antolatzen eta jende multzo hura benetako armada eraginkor batean bihurtzen. Armada karlista honen buru zela –jenerala- behin baino gehiagotan irabazi zien jeneral liberal ospetsuenei.
1835 urtean Karlos V.ena erregegaiak agindua eman zion Tomas Zumalakarregiri Bilbo hiria hartu zezan, hori jeneralaren iritziaren kontra. Bilboko setioan zegoela bala batek zauritu egin zuen Zumalakarregi jenerala eta handik bederatzi egunetara Zegaman hil zen.
Laugarren Gonbidatutako pieza
Hainbat museotan leku berezi bat egoten da bertan berezitu nahi den ale edo pieza bat ipintzeko. Ale hori izan daiteke Museoarena edo kanpotik ekarritakoa. Museoarena baldin bada, alea ez da erakusketa iraunkorrean egoten, biltegietan baizik eta arrazoi desberdinak direla medio (adibidez pieza errestauratu delako) publikoaren bistara jartzen da. Arrazoi desberdinegatik ere Museoak kanpotik –askotan beste museoetatik- aleak ekartzen dituzte jendeari aurkezteko. Ale hauek balio dute gaurkotasuna duen gai informatibo bat ilustratzeko; museoak dituen bildumak epe jakin batez aberastu eta konpletatzeko etab.
Laboratorium Museoan bitrina berezi bat daukagu “gonbidatutako pieza” deitzen duguna ipintzeko. Orain arte bertan hiru pieza izan ditugu. Alde batetik “Fusio erreaktorearen wolfram elementua” izan genuen gonbidatutako pieza bezala. Erresuma Batuko Culhan Centre for Fusion Energy utzi zigun maileguan ale hau. Pieza hau JET izeneko fusiozko erreaktore nuklear prototipoa da. Ikusten den bezala, punta puntako azpiegitura teknologiko bat da eta bertan wolaframiozko osagarriak erabiltzen dituzte. Gogoratu behar dugu Wolframa Elhuyar anaiek deskubritu zutela Bergaran 1783. urtean.
Gonbidatutako beste ale bat Miguel Altuna Institutuan egindako dron bat izan zen, eta 2015ean Dronen erakustaldi bat egin ostean, Laboratoriumean izan genuen gonbidatutako pieza bezala.
Beste gonbidatutako pieza Laboratorium Museoko bildumetako ale bat da. Gure Museoko Zoologia sekzioan ia osorik dagoen bale (Eubalena glacialis) baten eskeletoa daukagu. Eskeletoa ez dago ikusgai baina balearen eskeletoaren orno bat dago “gonbidatutako piezaren” bitrinan uztailaren erdi arte, jendeak ikusi ahal dezan eta jakin dezan balearen eskeletoaren esistentziaz.