Gaur hasten da aitorpenak aurkezteko epea eta Bergarako Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita egin nahi die herritarrei. Azken urteetan gora egin du errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren kopuruak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren azken datuen arabera, 2014ko errenta aitorpena Bergarako bizilagunen % 23k euskaraz egin zuen.

Aurtengoan ere, kopuru hau haztea da erronka, eta, horregatik, udalak oraindik pausoa ematera animatu ez diren bergararrak animatu nahi ditu 2015eko kanpaina euskaraz egiteko. Era horretan, euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da.

Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude eta guztietan erabili daiteke euskara:

1. Mekanizatua:

- Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.

- Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak edo telefono edo internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu.

- Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

2. Autolikidazio-proposamena:

- Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

3. Internet bidezkoa:

- Errenta-programa euskarazko bertsioan jaitsi internetetik, eta hobetsitako hizkuntzaren atalean euskara aukeratu.

- Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

 

 

Arloa: