• Denda, taberna eta abarretako hizkuntza paisaia euskaraz

Proposamen batekin gatoz, Jardunek, Udalaren laguntzarekin, bultzatu duen Idazlaguna programaren inguruan.  Azpiko bideoan eta dokumentu honetan  ikusi zenezakete zer den zehazki Idazlaguna programa baina esango  dizuegu herriko komertzioetako (denda, taberna…) hizkuntza paisaia euskaratzeko sortutako programa bat dela.

Programan bi jende multzo izango dira:

-          Parte hartu nahi duten dendariak. Dagoeneko 120tik gora dira.

-          Dendariei hizkuntza paisaiako elementuak (eskaparateetakoak, paretetakoak, jatetxeetako menuak…) euskaraz jartzen lagunduko dieten boluntarioak.

Orain, beraz, boluntario horien bila gabiltza.  Boluntario-talde haundi bat osatzea nahi genuke. Zuetariko batzuk ere animatu zarete eta dagoeneko 60 inguru baditugu, baina gehiago nahi genituzke. Heldu gintezke 100era? Zergatik ez?

 

 

Boluntarioei eskatuko zaien eginkizuna oso sinplea da: 2-3 dendatako “idazlaguna” izatea eta dendari batek hizkuntza paisaiako elementu bat jarri behar duenean, euskaraz jartzeko laguntza eskaintzea. Pentsatzen dugu hainbat kasutan oso lan txikia izango dela, denda askok oso kartel gutxi jartzen dituztelako eta kartel horiek gehienetan errepikakorrak direlako. Nahi izanez gero, lana bakarka egin ordez binaka edo taldean ere egin ahal izango da. Laguntza emateko modua bera ere modu askotakoa izan liteke: zuzenean dendara joanda, emailez, whatsapez… Dendariak eta idazlagunak adosten dutena.

Ez dugu eskatzen filologoa edo euskara irakaslea izatea idazlaguna izateko. Boluntarioek edozein zalantza kontsultatzeko bitartekoak jarriko ditugu: boluntarioek euren zalantzak azaltzeko foro bat, Udaleko Euskara Zerbitzura edo Jardunera jotzeko aukera, testurik arruntenak egongo diren webgune bat,… Pentsatzen dugu, horrela, zenbait kasutan boluntarioentzat ere beraien burua janzteko modu polit bat izan litekela.

Euskal Herri mailan aintzindari izango den programa bat izango litzateke eta, esandako moduan, boluntario pila bat batu gura genuke. Animatuko zarete? Norbait ikusten duzue inguruan animatuko litzatekeenik? Eskertuko genuke proposamen hau inguruan zabaltzea. Izena emateko fitxa bat gertatu dugu; egin klik bertan.

Asko elkartzen bagara, oso ekarpen txikiarekin herriko hizkuntza paisaia euskaratuko dugu. Aurtengo Euskararen Egunean, abenduaren 3an, egin gura genuke programaren aurkezpena eta gustatuko litzaiguke bertan elkartzea ahalik eta dendari eta idazlagun gehien.

 

100 baietz!!

 

Eskerrik asko.