Bergarako Udalbatzak atzo, irailaren 29an, onartu zuen, aho batez, herrian Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP 2014-17). Dokumentu horretan jasotzen dira herriko esparru bakoitzean (familian, merkataritzan, kirolean…) euskara sustatzeko bideratuko diren egitasmoak.

Bergarako Plana Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n onartutako Euskara Planaren baitan kokatuta dago eta hainbat herritarren parte-hartzearekin diseinatu da. Hain zuzen ere, parte-hartzea, koordinazioa eta elkarlana izango dira planaren ardatz nagusiak: bai udal barruan, departamentuen artean; bai herri mailako entitateei begira; bai bailara mailako udalekin eta baita Gipuzkoako edo Euskal Herri osoko beste erakundeen artean ere. Bestalde, onartu berri den plan hau plan bizia izango da, iraungo duen denboran etengabe aberasten joango dena.

Planaren helburu nagusia da bergararrei euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea eta Bergarako ohiko hizkuntza euskara izan dadin behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea.

Dokumentuak Bergaran euskarak duen egoeraren diagnosia jasotzen du hasieran eta, egoera hori indartzeko egitasmoak proposatzen ditu, esparruz esparru. Honakoak dira planteatzen diren egitasmo nagusietako batzuk:

·         Familia. Ikastetxeekin lankidetzan gurasoak sentiberatzeko proiektua bideratu, familia bakoitzak hizkuntzaren transmisioan egin dezakeen ekarpena optimizatzeko.

·         Irakaskuntza. Haur eta gazteetan ahozko berbeta indartzeko programa piloto bat abian jartzea, ikastetxeekin batera, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Foru Aldundiarekin lankidetzan.

·         Euskalduntze-alfabetatzea. Euskara ikasteko bideak erraztea eta praktikatzeko erraztasunak eskaintzea: Berriketan eta Auzoko programak…

·         Eskolaz kanpoko jardueretan eta bereziki kirolean euskara indartzeko programei jarraipena ematea, Kirol Zerbitzuarekin batera: klubei ematen zaizkien laguntzetan euskarazko jarduna sarituaz, klubekin erabileraren gaineko konpromisoak adostuaz, entrenatzaileak euskaraz prestatzeko ikastaroak eskainiaz...

·         Merkataritza. Denda, taberna eta abarretako kartel, menu eta abarrak euskalduntzeko proiektu berri bat bultzatu Jardunekin batera, horretarako berariaz sortutako boluntario-sare baten bitartez. Idazlaguna proiektua.

·         Udal barruko erabilera plana bideratzea. Udaleko prozesu guztietarako hizkuntza irizpideak zehaztea eta aplikatzea: zerbitzu kontratazioetarako, herritarrekiko harremanetarako, enpresa eta erakundekiko harremanetarako…

·         Toponimia. Herriko izendegi ofiziala onartu eta erabilera bateratua finkatu inplikatutako erakundeen artean: Udala, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Euskaltzaindia...

·         Teknologia berriak. Teknologia berriak euskaraz erabiltzeko kanpainak bultzatzea.

·         Hedabideak. Euskarazko hedabideen erabilera bultzatu eta bailarako hedabideekin proiektu komunak bultzatu.

·         Dirulaguntzak: Euskara elkarte, hedabide eta abarrentzako diru-laguntzak bideratzea.

 

Amaitzeko, Bergarako Udalak eskerrak eman nahi dizkie plana diseinatzen parte hartu zuten herritarrei eta euskara bultzatzeko egitasmoetan parte hartzen duten dozenaka boluntarioei; eta aurrera ere herritarrak animatzen ditu euskara ikastera eta erabiltzera eta herrian sortzen diren proiektuetan parte hartzera.

 

Plana www.bergara.eus webgunean egongo da nahi duenarentzako eskuragarri.

 

 

EUSKARA ZERBITZUA

  •