• Lorategi hau Bergarako ondarearen zati garrantzitsua da eta bertan dagoen magnoliak “aparteko zuhaitz” izendapena dauka.
 
Bergarako Udalaren helburu irmoa da herriko ondarea bergararrei hurbiltzea eta udalerrira turismoa erakartzea. Horiek lortzeko ezinbestekoa da bertako ondare natural eta kulturala ustiatzea eta erakusgarri jartzea. Ondare honen zati handi bat, ordea, jabetza pribatukoa da eta, ondorioz, herritarrek horretaz gozatzeko duten aukera mugatua da. 
 
Hau izan da, besteak beste, Olaso Dorrearen orain arteko egoera, bai eraikina bera bai honen lorategia Olaso Dorrea Fundazioaren jabetzakoak baitira. Gainera, lorategia inguratzen duen burdinazko itxituraren kontra dagoen landare-hesiak oztopatu egiten zuen lorategia bera zein bertan kokatuta dagoen magnolia (Eusko Jaurlaritzaren “aparteko zuhaitz” izendapena duena) ikustea. 
 
Egoera hau aldatzeko hitzarmena sinatu dute Bergarako Udalak eta dorrearen Fundazioak. Honela, lorategi hau bisitatzeko zein kanpotik ikusteko aukera izango dute herritar guztiek. 
 
10 urtez luzatuko den hitzarmen honek, besteak beste, honako hauek kontenplatzen ditu:
  • Olaso Dorrea Fundazioak lorategiko ateak irekita izatea egunez, nahi duenak bisitatu ahal izateko.
  • Bergarako Udalak lorategia kanpotik ikustea oztopatzen zuen hesi begetala kentzea edota ikusmena zailtzen duten landareak aldatzea.
  • Udaleko lorezaintza zerbitzuak lorategiko garbiketa, diseinu eta zaintza lanak (magnoliarena izan ezik) egitea.
 
Dagoeneko lan batzuk burutu dira eta kanpotik lorategia ikus daiteke, orain bertan dauden hainbat elementu babesteko neurriak ezarri ondoren, lorategia herritarrek goza dezaten zabalduko da.
 

Olaso Dorrearen Lorategia, balio handiko ondarea 

Olaso Dorreak, ofizialki, monumentu izendapena dauka eta babes maila berezia dauka aitortuta. Bertako lorategia, bere osotasunean hartuta, Bergarako txokorik erakargarrienen artean aurkitzen da. Kasko Historikoaren Erdi erdian kokatua, lorategiak  ondarearen aldetik balio handia duten elementu bakunak ere gordetzen ditu, bereziki, hiru dira nabarmentzekoak:
  • Jesusen Lagundiaren armarria, Seminarioa Jesuiten eskola zeneko garaikoa eta jesuitak 1767 urtean kanporatuak izan zirenean, jesuiten eskolako fatxadatik (Seminarioaren jatorrizko fatxadatik –gaurko fatxada 1867 urtekoa baita-) kendu zena. Seminarioko eliza eta eliza horren jatorrizko fatxadan aurkitzen zen Olaso dorrean dagoen armarri hau dira XVII eta XVIII. mendeetako Jesusen Lagundiaren ikastetxetik gelditzen zaizkigun arrastorik aberatsenak.  
  • Jesuiten armarriaren gainean kokatua dagoen armarri heraldikoa, ondo landua dena eta barroko garaikoa dena, XVII. mendearen azken aldekoa segur aski. 
  • Lorategiaren bukaeran zutitzen den magnolia. Zuhaitz hau ofizialki berezitua eta babestua dago. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 16ko 265/1995 Dekretuaren bitartez, Autonomi Elkarteko hainbat zuhaitz, “aparteko zuhaitz” bezala izendatu eta babestu zituen. Zehazki emateko, hiru probintzietan 15 aparteko zuhaitz izendatu zituen, eta 15 horietatik  5 Gipuzkoan daude eta horietako bat da Bergarako hau.