• Papera/kartoia, ontzi arinak, beira, organikoa eta errefusari dagozkion datuak dira. Lehenengo hiruak kontenedoretan jasotzen dira, beste biak baldeetan, esekitokian utzita.
  • Aurrerantzean ez dira jasoko kalean lurrean uzten diren poltsak.

Hilabete pasa da Bergaran hondakin bilketa sistema berria martxan jarri zela eta ibilbide honen irakurketa positiboa egiten du Udalak otsailean hondakinen %81,45 jaso baitira gaika bereizita. Honela bada, Udalak bergararrei eskertu nahi die sistema berrira egokitzeko egin duten ahalegina. Gure ingurumenak eta etorkizuneko belaunaldiak ere eskertuko dutelakoan gaude.

Azpiko taulako datuek erakusten duten bezala, oro har, herritarrek bete dituzte hondakinak uzteko irizpideak eta edukiontzien erabilera zuzena egin dute. Honi esker, gaika bildutako hondakinen kalitatea bermatu da eta Bergaran bereizita bota diren hondakinek beren ibilbidea egin dute inongo oztoporik gabe.

Hauek dira otsaileko bilketa datuak gaika eta kiloka, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta (Garbigunean jasotakoak, arropa eta olioa ez daude zenbakiotan kontenplatuta):
 

HONDAKINA

OTSAILA (kg)

2013

2014

Papera/kartoia

33.989

40.288

Ontziak

18.603

30.213

Beira

34.760

42.636

Errefusa

296.555

45.940

Organikoa

0

88.710

Lurrean uzten diren poltsak ez dira jasoko aurrerantzean

Edonola ere, badira hobetzekoak, horien artean aurkitzen da bizilagun batzuek lekuz kanpo, orduz kanpo eta poltsatan utzi izana beren hondakinak (batez ere hondakinak gaika biltzeko kontenedoreen inguruan, lurrean). Honek, batetik, hondakin biltzaileen lana zaildu du, hauek ere jaso behar izan dituztelako eta, barruan zer zegoen jakitea ezinezkoa zenez, guztiak errefusa legez tratatu behar izan dira. Gainera, lekuz kanpo utzitako poltsa hauek animaliekin arazoak ere ekarri dituzte.

Jokabide ezegoki hauekin bukatzeko, bi neurri hartuko dituzte Udalak eta Mankomunitateak: Batetik, aurrerantzean ez dira jasoko desegoki ateratako hondakin poltsa hauek, aitzitik, jarrera desegokia salatuz pegatina bat jarriko zaie; bestetik, hondakinak era desegokian ateratzen dituzten bizilagunei txostena ireki eta jarraipen pertsonala egingo zaie.

Honela bada, ohitura desegoki horiek hartu dituzten herritarrei ere dei egiten zaie hondakinak dagokion ordutegi, egutegi eta formatuan ateratzeko. Horretarako laguntza behar badute Hondakin Bilketa Selektiborako Informazio bulegoarekin kontaktuan jartzera gonbidatzen ditu Udalak, bertako informatzaileak herritarroi laguntzeko baitaude.

Denon inplikazioarekin eta elkarren eskubideak errespetatuta lortuko dugu  Bergara guztion nahi dugun bizileku atsegina izatea.