webmaster-k Ig, 2026-07-19 13:31-n bidalia
Euskal Herri osoko herri erakundeetako ordezkariak eta 200 bat herritako alkate eta zinegotzik bat egin dute gaur Bergaran, Foruen abolizioaren 150. eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenak oroitzeko egindako ekitaldi politiko-instituzionalean. Bandera eta tokiko ikurren, hitzaren, dantzaren eta musikaren bitartez, bertaratu diren herri ordezkariek euskal lurraldeen eskubide historikoak aldarrikatu dituzte eta “subiranotasun eremuak gaur egunera eta etorkizunera proiektatzen jarraitzeko” konpromisoa hartu dute.
Alkateen Mugimentuak 1976ko uztailaren 21ean –Foruen Abolizioaren 150. urteurrenean– deitutako bilkura jendetsua oroituz, eguerdirako minutu batzuk falta zirela, San Martin plazan elkartu dira gaur Bergaran izan diren udal eta erakunde ordezkariak. Herri bakoitzeko bi ordezkari batu dira desfile honetara: alkateek euren aginte ikurrak eskuan –zumitzak eta makilak, batez ere– eta udal bakoitzeko oposizioko ordezkariek herriko banderak dituztela. Segiziora batu dira, era berean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Aldundietako, Eusko eta Nafarroako legebiltzarretako, Eusko Jaurlaritzako eta Nafar Gobernuko ordezkariak. Taldea itxi dute, berriz, Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta Gorka Artolak, Bergarako alkateak, bi erakundeok elkarlanean antolatu baitute hitzordu garrantzitsu hau.
Usondo parkean izandako ekitaldian, Oñatiko Oñatz dantza taldeko kideek egindako dantzekin egin diete harrera eta bertan ziren, baita ere, Alkateen Mugimenduko partaide izandako lau alkate ohi: Jose Luis Elkoro (Bergarako alkatea, berak deitu zuen 1976ko ekitaldia), Luis Mari Ajuriagerra (Otxandio), Jose Antonio Altuna (Arrasate) eta Javier Errazti (Eskoriatza). Azken horiek bertaratutako ordezkari eta herritarren omenaldia eta aitortza sentitua jaso dute, haien ekarpena eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berrituz.
Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi duenez, foruen galera “bidegabea” eta Francoren diktadura amaieran sortutako Alkateen Mugimendua oroimena berritzeak, euskal herritarron “etxe komuna eraikitzen eta defendatzen jarraitzeko konpromisoa” berrestea dakar berekin. Norabide horretan “buru-belarri” lanean jarraitzeko determinazioa azaldu du, “gure herria eta bere jendea aurrera ateratzeko, garapen ekonomikoa, gizarte justizia eta subiranotasun politikoa oinarritzat hartuta”. “Foruen abolizioarekin gure herriak jasandako injustizia gogoratzearekin bat, aldarrikatu nahi dugu euskal lurraldeoi dagokigula gure burua gobernatzeko eskubidea, autogobernu hori etenik gabe berritzeko eta garatzeko eskubidea”.
Hori horrela, Alkateen Mugimenduko kideen ekarpena aitortu du diputatu nagusiak, “ahotsak batuz” herri eskubideen aldeko “katebegi sendoa” eraiki zutelako, oso momentu konplexu batean. Herri erakundeen egitekoa “indartzea” eta euskal lurraldeen “autogobernua zabaltzea”, Mendozaren ustez, ezinbestekoa da “etorkizunera begirako desafioei erantzun eraginkorrak” emateko. “Baina horrek eskatzen du, aldi berean, gure herriaren memoria gorde eta zaintzea, belaunaldi berriei transmititzea. Gaur mugarria ezarri dugu ahalegin horretan”, gehitu du.
Gorka Artola Bergarako alkateak nabarmendu duenez, “ohore handia da duela mende erdi herri honetako plaza nagusian hamarnaka euskal alkatek osatu zuten argazkia berritzea, kolorez hornitzea, herri ordezkari gehiagorekin batera. Kolore politiko desberdinetatik gatoz, eta ideia desberdinak ditugu askotan. Eta hori ona da; demokraziaren aberastasuna da. Baina bada partekatzen dugun zerbait: gure herriek aurrera egitea nahi dugula, herritarren ongizatea hobetzea nahi dugula eta gure udalerriak etorkizunerako prestatzea nahi dugula. Horixe izan zen, neurri handi batean, 1976ko alkate haien mezua ere: aniztasunetik, herri baten etorkizuna eraikitzeko borondatea”.
Artolaren hitzetan, “Euskal Herria herritar libreen komunitatea zen orduan, eta gaur hemen bildu garenok nork bere eremutik lanean jarraitzeko konpromisoa dugu, etorkizunean ere herritar libreen herri librea izan dadin. Orduan bezala, gaur ere erronka berriei aurre egin behar diegu. Horretarako, euskal herritarren ahotsak bere lekua izan behar du; hitzaren eta erabakiaren jabe izan behar dugu. Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa behar ditu bere etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko”.
Karga sinboliko handiko ekitaldia izan da Bergarakoa. Euskal dantzak protagonismo handi izan du, Ikerfolk, Oñatiko Oñatz, Tolosako Udaberri, Andoaingo Urki eta Donostiako Argia dantza taldeen eskutik. Baita Manex Alberdiri, Greziako Ballet Nazionaleko dantzari bergararrari, esker ere. Klara Badiolaren ahotsak eta Et Incarnatus orkestraren musikak gidatu dute saioa eta, bertaratu direnek Zazpiak Oihal Batetik, Amatxo (Jesus Guridi), Itsasoan urak handi (Julen Lekuona) eta Agur Jaunak entzun ahal izan dute.
Abeslari lanetan Aritzeta abesbatza, Alaiberri otxotea eta Bergarako Orfeoiko kideak aritu dira eta lagun izan dituzte Claudine Arhancet eta Andoni Martinez de Ustaran (ahotsak), eta Angel Unzu (kitarra). Bergarako txistulariak eta Oñatiko Aita Madina txistulari taldea ere bidelagun izan dituzte.
Mugarri berezia
2026 urtea mugarri berezia da Euskal Herriko politikagintzan, bi efemeride historiko garrantzitsu batzen baitira: 1876ko uztailaren 21eko Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta 1976an Bergaran sortutako Alkateen Mugimenduaren sorrera eta bere 50. urteurrena. Bi gertakariek sakon markatu dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera.
Gaurko ekitaldia etorkizunari begirako konpromisoak partekatzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen inguruko eztabaida berritzeko topagune izan da. Izan ere, foruen abolizioaren mendeurrena hizpide izan zuen Alkateen Mugimenduak 1976an Bergaran egindako bilkura hartan, zeinak garaiko testuinguru politiko berrian herriaren nortasuna, udal tradizio demokratikoa eta autogobernuaren aldeko borondatea berretsi zituzten. Mende bete lehenago, 1876ko abolizioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foro erregimenaren amaiera ekarri zuen, eta, ondorioz, eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera handia eragin zuen.

