Bergarako Udalak, herriko farmaziekin eta osasun etxearekin elkarlanean, babesgune klimatikoak eskainiko ditu aurten ere, klima aldaketaren eraginez gero eta ohikoagoak diren bero bolada muturrei aurre egiteko. Ekimen honen helburu nagusia bergararren ongizatea eta osasuna bermatzea da, bereziki haurrak, adinekoak eta osasun arazoak dituzten pertsonak babesteko.

Babesgune klimatikoak ekainaren 16tik irailaren 30era egongo dira martxan, beroagatik alerta laranja edo gorria aktibatzen denean, eta goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara zabalduko dira. Zerbitzua doakoa izango da eta ez da aurrez izena ematea beharrezkoa. Hauek izango dira kokaguneak:
• Martokon herritar gunea
• Zabalotegin herritar gunea
• Agorrosingo gela
• Osintxun liburutegia eta
• Opengela
• Labegaraietako kiroldegian kirol elkarteen gela
• San Joxepe

Babesgune hauetan tenperatura egokia, edateko ur freskoa, eserleku eta mahaidun espazio erosoak eta aldizkariak eskainiko dira, atseden hartzeko eta lasaitasunerako espazio seguru gisa funtzionatuz.

Udal ordezkariek azpimarratu dute ekimen hau ez dela soilik eguraldiari aurre egiteko baliabide bat, baizik eta gizarte zaurgarritasunari aurre egiteko tresna ere badela. “Beroak ez digu berdin eragiten guztioi, eta horregatik, zaurgarrienak babestea gure lehentasuna da”, azaldu du Zihortza Marzan zinegotziak.

Azkenik, Bergarako Udalak herritar guztiei dei egiten die babesgune hauek erabiltzeko, haien berri zabaltzeko eta auzolana sustatzeko. “Bergara toki seguruago eta osasungarriago bat bihurtzeko lanean jarraituko dugu”, adierazi dute.