webmaster-k Og, 2026-06-18 09:43-n bidalia
Bergarako Udalak San Martzial jaietako 2026ko egitaraua aurkeztu du. Ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 5ean izango du egun nagusia, eta jai egitarauak adin guztietako herritarrentzat jarduera ugari biltzen ditu.
San Martzial egunean, ekainaren 30ean, goizeko 07:00etan hasiko da egitaraua kanpai jotzearekin, ondoren Santa Marinatik San Martzialerako igoera egin eta meza ospatuko da tontorrean. Jardunari amaiera emateko, San Joxepe elkarteak prestatutako txokolatada eskainiko da.
Uztailaren 4an, larunbata, Bergarako Erraldoi Taldearen kalejirak hartuko ditu herriko kaleak, dultzaineroek eta txistulariek lagunduta.
Jaietako egun nagusia uztailaren 5ean izango da, San Martzialeko erromeriarekin. Goizean alboradak girotuko du Egino Mallea plaza, eta ondoren San Martzialerako igoera egingo da. Egitarauak musika, bertsolaritza eta dantza uztartuko ditu goizetik hasi eta arratsaldera arte.
Arratsaldean, haur eta gaztetxoentzako jolasak antolatuko dira, baita herri kirolak ere, sokatira eta txinga probekin. Gainera, irrintzi txapelketa izango da adin desberdinetako parte hartzaileentzat. Eguna erromeria giroan amaituko da: Lisker taldearen emanaldia, Gesaltza txarangaren animazioa eta ohiko jaitsiera musikaz lagunduta izango dira.
Jaietan parte hartzea errazteko eta mugikortasuna hobetzeko, uztailaren 5ean herribus zerbitzu berezia egongo da goizez eta arratsaldez, Oxirondo plazatik San Martzialera. Trafikoa zenbait ordutan mugatua izango da, segurtasuna bermatzeko.
Halaber, Udaletik ingurunea errespetatzeko deia egin da, naturgunea zaindu, hondakinak behar bezala kudeatu eta instalazioak ez kaltetzeko gomendioekin.
2026ko San Martzial jaiek 29.500 euroko aurrekontua izango dute guztira. Baliabideak egitaraua, kultur ekintzak, azpiegiturak eta segurtasuna bermatzeko erabiliko dira, besteak beste.

