webmaster-k Og, 2026-02-19 09:30-n bidalia
Bergarako Osasun Mahaia otsailaren 16an bildu da, herriko osasuna, jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzeko martxan dauden programen balorazioa egiteko, eta 2026rako egitasmo berriak adosteko. Udaleko arlo ezberdinek, osasun zentroko ordezkariek, hezkuntza komunitateak eta herriko elkarteek hartu dute parte lan-saioan.
2025ean 15 irteera egin dira eta guztira 519 pertsonak hartu dute parte. Ibilbideek urtez urte duten jarraikortasuna eta herriko elkarte ezberdinen laguntza nabarmendu dira. Zentzu horretan, 2026rako egutegia zehaztu da, martxoaren amaieratik azarora arteko irteerekin. Irteera guztiak 10:00etan izango dira, Agorrosin izango da abiapuntu eta helmuga, eta eguraldi txarrarekin gimnasia saioak eskainiko dira.
2025ean zerbitzuak 256 erabiltzaile izan ditu, aurreko urteetako datuen ildotik. Zerbitzua osasun-profesionalek bideratuta nahiz herritarrek euren ekimenez erabiltzen dute, eta bileran nabarmendu da jarduera fisikoa sustatzeko tresna eraginkorra dela.
Bergara eta Antzuola arteko lotura udaberrirako amaituta egongo dela eta, horrek eskualdeko herrien arteko mugikortasun osasungarria indartuko du. Era berean, dagoen sarean dauden puntu beltzen jarraipena eta hobekuntza beharra azpimarratu dira.
2025eko jardueren artean honakoak nabarmendu dira:
• Erorikoen prebentziorako tailerra, 16 parte-hartzailerekin. 2026an apirilean egitea aurreikusten da.
• Lehen sorospenak, sexu heziketa eta osasun prebentzioa ikastetxeetan.
• Haurren elikadurari eta zaintzari buruzko saioak gurasoentzat.
• “Cuidando tu corazón” programa, hipertentsioa duten pertsonentzat.
• Bero-kolpearen prebentzioa eta babesgune klimatikoen inguruko informazioa.
Emakumeen ongizate fisiko eta emozionala lantzeko programazioa aurkeztu da Osasun Mahaian. Horretarako, osasun zentroarekin koordinazioa handitu nahi da herriko emakumeak programetara bideratzeko eta udazkenerako Txoko Feminista martxan egotea aurreikusten denez, sinergia horiek baliatuko direla nabarmendu dute udal arduradunek.
Horrez gain, udalerrian indarkeria matxista jasan duten emakumeei arreta koordinatua eta eraginkorra eskaintzeko sinatutako protokoloaren garapena aurkeztu da.

