Jada hasi dira Osintxuko plazan kokatutako Txuringo taberna eta ondoko lokala egokitzeko lanak. Bergarako Udalak sustatutako proiektu honek auzotarrentzako ezinbesteko zerbitzua eta kohesiorako elkargunea izatea du helburu, eta Osintxu biziberritzeko planaren baitan kokatzen da. Taberna kudeatzeko lizitazioa ere aurki publikatuko da, obren bukaerarekin batera zabaltzen saiatzeko.

Proiektua 189.916,47 eurotan (BEZ barne) atera zen lizitaziora, eta lanak Construcciones Frixi, S.L. enpresari esleitu zaizkio, 158.577,13 euroko aurrekontuarekin. Egokitzapen lanek bi helburu nagusi dituzte: alde batetik, taberna eraberritzea eta, bestetik, ondoko lokalaren irisgarritasuna hobetzea.

2021ean sortu zen Osintxu Biziberritzeko Lantaldea, eta bertan parte hartzen dute Txuringo kultur elkarteko ordezkariek, Osintxuko eskolako gurasoek, Soraluce Kooperatibako ordezkariek, kooperatibako bazkide osintxuarrek eta Bergarako Udalak (Alkatetza, Hirigintza eta Partaidetza sailak). Lantaldearen erronka nagusia Osintxuko biztanleria mantendu, errotu eta haztea izan da, auzo atsegin eta bizigarriagoa eraikiz.

2023ko abenduan, Bergarako Udalak onartu zuen Osintxuko plazan dagoen taberna eta alboan dagoen lokala erostea. Orain, taberna egokitzeko lanekin batera, ustiaketarako lizitazio prozedura prestatzen ari da Udala, eta urria aldera irekiko da deialdia.

Bestalde, taberna ondoko lokalean herritarrei zuzendutako berroneratze bulego bat jarriko da martxan 2026an, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Aldi berean, Bergarako Udala eta auzoko ordezkariak hitzarmen bat lantzen ari dira lokal horren erabilera arautu eta auzoaren esku gera dadin.