Bergara munduko zientzia-epizentro bihurtuko da urriaren 3an eta 4an, eta XII. Jot Down Zientzia Sariak banatuko ditu “Elementu Kritikoak: Wolframetik Lur Arraroetara” lelopean

Duela 242 urte wolframaren aurkikuntza ikusi zuen herriak historia zientifikoa egingo du berriz ere urriaren 3an eta 4an, bertan ospatuko baitira 2025eko XII. Jot Down Zientzia Sariak. Bergarako Laboratorium Museoa izango da ekitaldiaren egoitza nagusia. Espainiako dibulgatzaile zientifiko ospetsuenetako batzuk elkartuko dira bertan, eta omenaldia egingo diote Elhuyar anaiek 1783an aurkitutako elementu kimikoari.

Jot Down Zientzia Sariak ekitaldia Jot Down Magazine aldizkariak antolatzen du Donostia International Physics Centerrekin (DIPC), Canfranceko Lurpeko Laborategiarekin, Bergarako Laboratorium Museoarekin eta Sevillako Unibertsitatearekin batera. Estatu espainoleko dibulgazio zientifikoko ekitaldi garrantzitsuena da.

“Bereziki zirraragarria da sari hauek Bergaran ematea, Euskadik munduko historiari egindako ekarpen zientifikorik handiena gertatu zen lekuan, alegia”, azaldu du Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak. “Wolframaren aurkikuntza ez zen izan mugarri kimiko bat soilik, baizik eta betiko aldatu zuen teknologia modernoa”.

Goi-mailako programa zientifikoa

Urriak 3, ostirala - Aurkitzaileen Eguna
Ekitaldia ostiralean hasiko da, historia eta abangoardia zientifikoa lotzen dituen programa batekin:
• 17:15 - Pascual Román Polo (EHU): “Bergaran isolatutako wolframa eta nazioartean izan duen proiekzioa”
• 17:50 - Inés Pellón (EHU): “Bergarako Laboratorium Chemicum edo Laborategi Kimikoa, XVIII. mendean sortutako berrikuntza-eredu aitzindaria”
• 18:25 - Oskar González-Mendia (KimikArte): “El tío Wolfram: Wolframa taula periodikoan”
• 19:00 - Juan José Gómez Cadenas (DIPC) eta Rosario Raro: “Wolframaren aldeko isilpeko gerra Canfranc-en”
• 19:35 - Juan Manuel García Ruiz (DIPC): “Kristalak eta lur arraroak”

Urriak 4, larunbata - Berrikuntzaren Eguna
Enrique F. Borjak gidatuta, larunbateko jardunaldiak elementu kritikoen etorkizuneko aplikazioak izango ditu ardatz:
• 11:10 - Enrique Ascasibar (CIEMAT): “Wolframa: elementu erabakigarria etorkizuneko energian”
• 11:45 - Clara Grima (Sevillako Unibertsitatea): Com algoritmos y a lo loco (Algoritmoak ero-eroan) liburuaren aurkezpena
• 12:20 - Francisco J. Tapiador (UCLM): “Klima eta lur arraroak”
• 12:55 - Juan José Gómez Cadenas eta Panchulei: Un destello azul (Distira urdin bat)
• 13:30 - Sari-banaketa ekitaldia lau kategorietan: Saiakera, Narratiba, Ilustrazioa eta

Argazkigintza Zientifikoa.
Bergarak bete-betean parte hartuko du ekitaldian: Bedelkar Jaia Aurtengo edizioaren ezaugarri berritzaileenetako bat da Bergarak modu aktiboan parte hartuko duela Bedelkar herriko denda- eta ostalaritza-sarearen bidez. Bedelkarrek laborategi bilakatuko du udalerri osoa.

Merkataritza- eta gastronomia-jarduerak:
• Pintxo-pote zientifikoa kalejirarekin (larunbata 13:00etatik 14:30era): Ibilbide gastronomikoa elementu kimikoetan inspiratutako pintxoekin, Bergarako Txistulari Bandaren kalejiraz alaituta.
• Wolfram goxoa: Ekitaldirako sortutako postre esklusiboa, hiru gozotegitan bakarrik eskura daitekeena.
• Erakusleihoen dekorazioa: Herriko saltokiek taula periodikoan oinarrituta apainduko dituzte erakusleihoak.
• “Arraskatu eta irabazi” zientifikoa: 600 sari baino gehiago zozketatuko dira parte hartzen duten saltokietan erosten dutenen artean.
Bedelkar Jaia (larunbata 18:30etik 21:30era, Irala kalea): Udalerriko merkataritzaren jaia: 2.000 €-ko erosketa-bonuak, dantzarien emanaldia, musika eta pintxo-potea doan.

Familia osoarentzako jarduerak
Programak jarduera ugari biltzen ditu, askotariko publikoarentzat diseinatuta:
“Adimen geldiezinak”, helduentzat:
• Isiltasunaren maisulanak: Ariznoako taupadak: Hilzoriko Kristoa bisitatzea (Juan de Mesaren obra)
• Metal magikoaren arrastoaren atzetik: Bisita gidatuak aurkikuntzaren agertoki historikoetan barrena

“Miniaturazko zientzialariak”, familientzat:
• Zientzia sukaldean: Esperimentu kimikoak 7-12 urteko gaztetxoentzat
• Bide zifratuak: wolframaren bidaia: Abentura interaktiboa Laboratoriumen, 10 urtetik gorako.

Publiko orokorrarentzat
• Artea eta zientzia uztartzen: Ilustrazio zientifikoa (tailerra)
• Asmazioak: Fisikako esperimentuak
• Wolfram Go: Argazki-rallya alde zaharrean zehar.
Bisita gidatuak doan Laboratorium Museoan. Plaza mugatuak, ezinbestekoa da izena ematea.
• Ostirala: 11:00 // 12:30 // 16:00
• Larunbata: 11:00 // 12:30 // 17:30

Inpaktu ekonomikoa eta turistikoa
Gorka Artola Bergarako alkateak ekitaldiaren inpaktua nabarmendu du: “Jot Down Sariek, gure ondare zientifikoari balioa emateaz gainera, sendotu egiten dute Bergara turismo zientifiko eta kulturalaren helmuga gisa. Bisitari asko espero ditugu asteburuan”.

Denboran irauten duen legatua
Wolframa Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek aurkitu zuten Bergarako Laboratorium Chemicumean 1783ko irailaren 28an, eta erabakigarria izaten jarraitzen du gaur egungo teknologian: bonbillen harizpietan, smartphoneen osagaietan, fusio nuklearreko erreaktoreetan edota teknologia espazialean, besteak beste.

"Ekitaldi honek etorkizuneko erronka zientifikoekin lotzen du Bergararen iragan loriatsua", azaldu du Ángel L. Fernández Recuero Jot Downen sortzaileak. “Elementu kritikoak eta lur arraroak gaur egun oso estrategikoak dira, XVIII. mendean wolframa bezainbeste”.