Bergarako Udalak Barrenkale kalearen urbanizazio proiektuari hasiera emango dio martxoaren 3an. Lanak Zubieder enpresa esleipendunak gauzatuko ditu, 1.447.382,65 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Helburua da kale osoaren azpiegiturak berritu eta irisgarritasuna bermatzea, bizilagun eta merkatarien ongizatea lehenetsiz.

Bergarako Udalak legegintzaldi honetan gauzatuko duen proiektu garrantzitsuetako bat izango da Barrenkale kalea birgaitzearena. Agintaldi hasieran aurkeztutako Gobernu Planean hainbat lan ildo aurkeztu zituen Udalak, eta horien artean daude alde zaharra eta komertzioa biziberritzearena. Proiektu hau, eta ostean iritsiko den San Martin plazaren birgaitzeak, lan ildo horretan kokatzen dira.

Proiektuaren Helburu Nagusiak
Urbanizazio proiektu hau herriko azpiegitura berritzeko eta espazio publikoaren erabilera irisgarri eta segurua bermatzeko diseinatu da. Horretarako, lanek kale osoaren zorua eta azpiegitura teknikoak berrituko dituzte, kalitatezko ingurune bat sortuz.

Lanen Egutegia eta Aurreikuspenak
Lanak martxoaren 3an hasiko dira eta 10 hilabeteko gauzatze epea izango dute. Lanak hainbat fasetan burutuko dira. Obrak hasi aurretik, bizilagunen etxebizitza eta lokaletako akta notarialak jasoko dira, horrelako lanetan egin ohi den bezala.

Guzti honen berri bizilagunekin asteazken honetan egin den bilera informatiboan eman da. Gainera, empresa (Zubieder) bileran egon da eta bizilagun eta komertzioei proiektuaren xehetasunak azaldu eta beren iradokizunak jaso dira.

Bizilagun eta Merkatarientzako Arreta Zerbitzua
Zubieder enpresak arreta bulego bat irekiko du Barrenkale 8 zenbakian lanek irauten duten bitartean. Zerbitzu honek bizilagun eta merkatarien galderei erantzun, kexak jaso eta proiektuari buruzko informazioa eskainiko du. Arreta zerbitzu honen ordutegia eta kokapena bileran zehaztuko dira.

Behar bereziak dituzten pertsonak kontuan hartuko dira
Barrenkalen, mugikortasun aldetik zein bestelako behar bereziak (garraio medikalizatua, eskola…) izan ditzaketen pertsonak identifikatu ditu dagoeneko Udalak eta beraiekin harremanetan jarriko da, obrek eragin ahal ditzaketen aldaketak aurreikusi eta ahalik eta hobekien bideratzeko pertsona hauen beharrak.

“Alde zaharra biziberritzeko proiektu klabea da hau, izan ere, beste zenbait arlo biziarazteko balioko digu, esaterako, bertako komertzioa. Lanetarako bizilagunen iritziak eta iradokizunak kontutan hartuko ditugu. Legegintzaldiko obra nagusienetako bat izango da, eta merezi duen arreta eskainiko diogu”, adierazi du Markel Azkargorta zinegotziak.