Bergarako Udala-k Ar, 2024-12-17 13:40-n bidalia
Energiaren garestitzeak eta larrialdi klimatikoaren erronkek azken urteetan eragin nabarmena izan dute gizartean. Horri erantzuteko, Bergarako Udalak eta Berener herri kooperatibak lankidetza marko bat ezartzeko urratsak egin dituzte, energia burujabetzaren eta trantsizio ekosozialaren bidean. Horren adibide da astelehen honetan ospatutako osoko bilkuran onartutako adierazpena.
2024ko apirilean Bergarako Udal Batzarrean aho batez onartutako Klima eta Energiari buruzko Tokiko Planak energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa eta herritarren parte-hartzea sustatzeko estrategia definitzen ditu. Plan horren baitan, Bergaran energia-komunitate bat sortzeko urratsak eman dira, eta horren emaitza izan da Berener irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala, 2023ko martxoan eratu zena.
Berenerrek herritar, elkarte, enpresa txiki eta komertzioen parte-hartzea sustatzen du, eta bere helburu nagusiak dira:
• Trantsizio energetikoa bultzatzea.
• Pobrezia energetikoari aurre egitea.
• Herritarren ahalduntzea eta parte-hartzea indartzea.
• Burujabetza energetikoaren bidean aurrera egitea.
Bergarako Udalak kooperatibaren helburuekin bat egiten du, eta 2023ko maiatzean bazkide laguntzaile bihurtu zen. Horrez gain, udal ordezkari bat Kontseilu Errektorean izendatzea erabaki du, kooperatibaren kudeaketan parte hartzeko.
Elkarlan-marko bat lantzeko konpromisoa
Energia trantsizioaren erronkei aurre egiteko, Bergarako Udalak eta Berenerrek lankidetza-marko iraunkor bat sortuko dute. Hitzarmen hori 2025eko urtarrilaren 30erako sinatzea aurreikusten da, eta bertan zehaztuko dira baliabide politiko, tekniko eta ekonomikoak.
• 2025eko udal aurrekontuetan, 30.000 euroko diru-partida bat gordeko da kooperatibarekin elkarlanean proiektuak bideratzen hasteko.
• Lankidetzaren helburu nagusia da herritarren parte-hartzea eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea, udalaren eta kooperatibaren artean baliabideak partekatuz.
Etorkizuneko erronkak eta aukerak
Euskal Autonomia Erkidegoko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legeak eta Europako estrategiek udalerriak energia-komunitateak sustatzera bultzatzen dituzte. Testuinguru horretan, Bergarako Udalak eta Berenerrek eredu bihurtzeko aukera paregabea dutela nabarmendu du adierazpenak. Elkarlana izango da larrialdi klimatikoari eta energia burujabetzaren erronkari aurre egiteko gakoa.
Bergarako herritarren, erakundeen eta udalaren arteko sinergiei esker, Berenerrek eta Udalak energia trantsizioaren bidean proiektu eraldatzaileak garatzen jarraituko dute.