Bergarako Laboratorium Museoak 10 urte beteko ditu 2025ean. Museoarentzat garrantzi handiko urteurrena izango da, eta Bergarako Udalak eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak merezitako ospakizuna eskaini nahi diote. Urteurren hori gogoan, Azahara Domínguez diputatua Bergarako museoan izan da berriki, eta Gorka Artola alkatearekin eta Rosa Errazkin Laboratoriumeko zuzendariarekin bildu da, museoa sustatzeko konpromisoaren berri emateko.

Bisitan eta ondorengo bileran, Bergarak munduko panorama zientifikoan izan duen paper garrantzitsua ezagutzeko aukera izan du diputatuak, baita museoak bere hamargarren urteurrena ospatzeko datozen hilabeteetan izango dituen erronkak ezagutzeko ere.

Alde horretatik, Azahara Dominguezek museo hori sustatzeko konpromisoa agertu du. “Gipuzkoa bere hiriburua edo kostaldea baino askoz gehiago da, eta Laboratorium museo hau horren erakusgarri ona da. Bergarak izen propioa du munduko panorama zientifikoan, eta, lurralde gisa, hura baloratzera eta munduari ezagutzera ematera behartuta gaude. Horregatik, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan museoa ezagutarazten lagunduko dugu, turismoa deslokalizatzen eta desestazionalizatzen laguntzeko. Gainera, museo hau Gipuzkoara erakarri nahi dugun turismo motaren adibide ona da: turismo jasangarria, ingurunearekiko eta auzokideekiko errespetua duena eta gure lurraldera nor garen eta historian jokatu dugun papera ezagutzeko jakin-minarekin iritsiko dena”, nabarmendu du diputatuak.

Bestalde, Bergarako alkate Gorka Artolak erakundeen lankidetza eskatu du hamargarren urteurrena merezi duen bezala ospatzeko. "Laboratorium Museoa erreferente bat da zientzia eta ezagutza lantzen duten museoen artean. Bertan, gure oraintsuko historia markatu duten hainbat puntu azaltzen dira, hala nola Elhuyar anaiek Wolframioarekin egin zuten aurkikuntza. Museo honek 10 urte beteko ditu eta, zentzu horretan, horrelako ekimenek erakundeen babesa merezi dutela uste dut”, azpimarratu du.

Gizarte Museoa
Aipatzekoa da Bergara zientziaren sorlekua izan zela Euskadin, Errege Mintegian egindako lanari esker. Hemen, duela 250 urte, ilustratu talde batek proiektu bat sortu zuen, geroago Wolframioaren aurkikuntza ahalbidetuko zuena. Proiektu hori mugarria izan zen zientziaren alorrean, eta, orain, museo honek aukera ematen du hura ezagutzeko.

Bergarako Errekalde jauregian dagoen gune hau "gizarte museotzat" hartzen da, ondarea bildu, kontserbatu, ikertu eta ezagutzera ematen baitu, gizartearen gozamenerako. Lorategi ingeles bikain batez inguratuta dagoen museoak kimika, fisika eta munduko toki guztietako animaliekin osatutako zoologia bildumaz garatutako zientzia bilduma interesgarri bat du.