Bergarako Oxirondo azoka biziberritzeko asmoz, ostiral honetan inauguratuko da Elikaenea, Oxirondo berria ‘gorpuztu’ eta bergararrei plaza’ ireki bat eskainiko dien egitasmoa.

Elikaenea Bergarako Oxirondo azoka gaurkotzeko egitasmoa da. Bertan, herritarren, ekoizleen eta postuetako dendarien beharrei erantzungo dien herri-proiektua jarriko da martxan. Espazio berri honek Oxirondoko beheko solairuaren eremu handi bat hartuko du, ohiko postu finkoen ondoan.

Bertan, besteak beste, sukalde komunitario bat eta denda bat izango dira, bertako ekoizleen produktuak erosi ahal izateko. Elikadura eta sukaldearen inguruan, herri mailako elkargune berri bat martxan jarriko da ekoizle, merkatari, udal, eragile eta herritarrekin batera. Azokako ohiko kontsumitzaileen ohiturak (postuak, zapatuetako azoka...) zein elikadura arloko etorkizuneko erronkei heltzeko askotariko zerbitzu eta ekintzak egongo dira martxan irailetik aurrera: zizka-mizka zerbitzua, tokiko produktuen merkaturatzerako logistika, ikastaroak…

Horretarako, inguruko herrietan dauden ereduak aztertu dituzte, esaterako, Azpeitiko ‘Elikagunea’. Eta hainbat adituren laguntzarekin ari dira egitasmoa lantzen, Justicia Alimentaria GKE, Asunek Behatokia eta Lakari kooperatiba, kasu.

Proiektua gorpuzteko, Bergarako Udalaren eta irabazi asmorik gabeko Ereindajan kooperatibaren arteko hitzarmena adostu da uztaileko plenoan. Zentzu horretan, Elikaenea espazio fisikoa zein egitasmo orokorra kudeatzeko bermea eskaintzen duen bakarra Ereindajan Kooperatiba Elkarte Txikia dela ondorioztatu du Udalak. Ereindajan Bergara Koop. Elkarte Txikiak Bergaran dagoeneko ibilbidea eginda dauka, bergarar bazkide asko ditu eta bailarako ekoizleekin zein hezkuntza eragileekin lotura zuzena dauka elikaduraren inguruko proiektu desberdinen baitan.

Horrez gain, dinamizazio arloan dagoeneko esperientzia zabala dauka herri zein lurralde mailan, eta elikadura estrategia salerosketatik haratago doala ulertuta, elikadura arloan erreferente da gaur egun. Herri mailako hainbat proiektuetan eskarmentua eta ekoizle eta kontsumitzaileekin burutu beharreko kudeaketan esperientzia dauka kooperatibak.

Landaola Saria Elikaenearentzat

Bergarako Udalak IV. Landaola Saria jaso zuen joan den martxoan Erakunde Publikoen sariaren atalean, Oxirondo azoka biziberritzeko asmoaren baitan Elikaenea proiektua bultzatzeagatik. Usurbilgo Sutegi aretoan ospatutako ekitaldian, Ainhoa Lete eta Markel Azkargorta zinegotziek Elikaenea’ moduko proiektu batek piztutako ilusioa eta interesa” nabarmendu zituzten beren hitzartzean. Landaola Sariak Federazioa osatzen duten sei elkarteen eskutik emandako urteroko sariak dira, eta landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmoz sortu ziren.

Irailak 9tik aurrera martxan

Elikaenea denda eta sukaldea irailak 9an irekiko dira. Honako ordutegia izango du:

·    Astelehena, asteartea, osteguna eta ostirala: 09:30 – 13:30 / 16:30 – 19:30.

·    Asteazkena: 09:30 - 19:30 (ordutegi jarraia)

·    Larunbata: 8:00 – 13:00

Ohiko erosleen zein interes berriei leku eginez, elikaduraren inguruko askotariko jarduera irekiak antolatuko dira Oxirondo azokan: sukaldaritza ikastaroak, show-cooking-ak, trikimailuak, dastaketak, solasaldiak...

Berrikuntzetako bat ‘Eguaztenak Oxirondon’ dinamika izango da, bertako ekoizle, merkatari eta sukaldariekin martxan jarriko den dastaketa eta solasaldia. Asteazkenero, errezeta bat sasoiko produktu batekin sortzea / eskaintzea izango da asmoa, bertako baserritarren azoka egoten dela baliatuz.