Bergarako Udala-k Az, 2024-07-24 08:53-n bidalia
Udalek 4-5 urtean behin egiten dituzte euskara planak Eusko Jaurlaritzak finkatutako gidalerroei jarraiki, Jaurlaritzak aurtengo urte hasieran onartu zuen AROA izeneko bere marko estrategikoa eta hura oinarri hartuta, Bergarako Udalak datozen 4 urteetarako plana diseinatu du herritarren, herriko eragileen eta udaleko teknikari eta politikarien parte hartzearekin.
Euskararen etorkizuna bidegurutze batean dagoen aldi honetan Udal gobernuak agintaldirako finkatutako lan-ildo nagusietako bat da hizkuntza normalizazioan urrats sendoak ematea.
Planaren helburu nagusia honakoa da: Bergaran euskararen ezagutza eta erabilera sendotzea, herritarrak eta herriko eragileak saretu, ahaldundu eta aktibatuta, azken finean, herriko ohiko hizkuntza euskara izan dadin.
Planaren eduki nagusiei dagokienez, alde batetik, egoeraren diagnosia jasotzen da eta, beste aldetik, datozen urteetarako egitasmoak bildu dira, 5 ardatzetan banatuta: Gobernantza, Jarrerak-Motibazioa, Ezagutza-Gaitasuna, Erabilera-Elkarreragina eta Ikerketa.
Egitasmoei dagokienez, gizarteko arlo gehienetan lantzeko egitasmoak azaltzen dira: familietan euskararen transmisioa indartzekoak, eskolaz kanpoko mundua euskararen arnasgune izatea helburu dutenak, migratzaileei euskara ikastea erraztekoak, lan-munduan euskara sustatzekoak, mundu digitalean euskarazko edukiak gehitu eta euskarazko kontsumoa handitzekoak, eta abar.
“Euskararen erabilerak eta ezagutzak gora egitea da gobernu honen helburu nagusietako bat, eta, horretarako, lan-ildo guztietan egin behar dugu lan. Horrelako plan estrategikoek ikuspegi globalago eta zehatzago bat eskaintzen digute helburu horretan aurrera egiteko”, adierazi du Eider Usobiaga zinegotziak.
Plana diseinatzeko, lehenengo eta behin galdetegi bat egin zen eta haren bidez berrehundik gora herritarrek egin zituzten euren ekarpenak. Horretaz aparte, arlo desberdinetako herritarrek eta entitateetako ordezkariek ere euren ekarpenak egin dituzte parte-hartze saioen bitartez. Udalak guztien ahalegina eskertu nahi du eta aurrera ere euskara lantzen, erabiltzen eta sustatzen jarraitzera animatu nahi ditu. Izan ere, horixe berori bada datozen 4 urteetarako jarritako helburuetako bat: herriko eragileak eta euskaltzaleak saretu, ahaldundu eta aktibatzea.
Plana osorik ikusi nahi izanez gero, helbide honetan ikus liteke: https://bergara.eus/eu/euskararen-plan-estrategikoak