Bergarako Udala-k Or, 2024-07-05 09:47-n bidalia
Urtero bezala, 2025eko egutegia ere herriko argazkizaleen argazkiekin hornitu nahi litzateke. Zenbait urtez jarri izan da aurkeztu beharreko argazkientzako gaia baina azken urteetan gaia libre utzi izan da. Hala ere, eta kontuan hartuta, 2025ean Laboratorium museoak 10 urte beteko dituela, proposatzen da urte horretako egutegia museoarekin lotzea. Argazkiak aurkezteko azken eguna irailaren 25a izango da. Hala, beraz, 2025eko egutegirako argazkiak aurkezteko honako baldintzak ezarri dira:
· GAIA: LABORATORIUM. 10. urteurrena.
Laboratorium museoa 2015. urteko irailaren 25ean inauguratu zuen Bergarako Udalak. Urte askotako lanen emaitza izan da, pertsona askoren ahaleginaren fruitu.
LABORATORIUM, MUSEOA”. ZER DA?
Bergarako “LABORATORIUM” museoa udal zerbitzu bat da, “Gizarte museo” bat hain zuzen ere, eta bere helburu nagusia da, berrikuntza, zientzia eta hezkuntza oinarrizko eta ezinbesteko lanabesak izanik, gizartearen garapena eragitea.
Horretarako, garapen jasangarriaren eta gizarte berrikuntzaren printzipioak barneratu, ezagutarazi eta hedatzen ditu, eta horiekin bat datozen programak, ekintzak eta jarduerak antolatzen eta martxan jartzen ditu.
Laboratoriumaren helburuak esandakoak izanik, eta 10. urteurrenaren aitzakia hartuta, 2025. urteko udal egutegia Laboratorium museoa eta azken finean, Bergara, balioan jartzeko beste tresna bat gehiago izan daiteke.
· BALDINTZAK
1. Argazkietan gai hauekin lotutako motiboak agertu beharko dira:
- a. Berrikuntza: Gaur egungo teknologia, berrikuntza egitasmoak, Errege Seminarioa, ehungintza Bergaran, …
- b. Zientzia: Museoaren bildumak (Natur zientziak, Mineralogia, Paleontologia, Fisika eta kimika instrumentuak,…), gaur egungo gai zientifikoak..
- c. Ondarea: Bergarako Monumentuak, objektu artistikoak…
- d. Ingurumena gaia
- e. Hezkuntza
2. Egileak: Bergaran jaioa den edo bertan bizi den edozein herritarrek aurkeztu ahal izango ditu argazkiak.
3. Argazkia Bergaran ateratakoa izan beharko da edo, gutxienez, Bergararekin lotutako motiboren bat agertu beharko da bertan: Bergarako herritarrak…
4. Argazki kopurua. Egile bakoitzak gehienez aurkeztu ahal izango dituen argazki kopurua: 25.
5. Argazkiaren formatua eta aurkezteko modua: tamaina, 20 x 30 cm; 300 ppp (puntuak pulgadako); jpg formatoko artxibo digitala. Artxiboak CD edo USB batean aurkeztuko dira Udaleko Euskara Zerbitzuan edo bestela euskara@bergara.eus helbidera bidaliko dira baina kasu horretan artxibo handiak bidaltzeko aplikazioren bat erabilita: tori.eus, wetransfer edo antzekoren bat. Egutegiaren formatuari jarraiki, argazkiak etzanak izan beharko dira. Zutikako argazkiz osatutako multzo horizontala ere izan liteke.
6. Aurkezteko azken eguna: 2024ko irailaren 25a.
7. Erabilera eskubideak. Egutegian erabiltzeko aukeratutako argazkiak ordaindu egingo dira. Bestalde, aukeratutako argazkiak Laboratoriumen eta Udal Artxibategian jasota geldituko dira eta Udalak horiek erabiltzeko aukera izango du, beti ere egilearen berri emanez.
8. Argazkiekin lotutako baimenak. Argazkilariaren kontu izango da, aurkezten dituen argazkiekin lotutako edozein baimen lortu behar izanez gero, horiek eskuratzea, eta Udalak ulertuko du argazkiak aurkezten dituenak lortuak dituela baimenok.
9. Argazkien aukeraketa. Udalak izendatutako lantalde batek aukeratuko ditu argazkiak.
OHARRA:
Museoak bere altxorrei edo bertatik argazkiak egiteko aukera emango du, beti ere aldez aurretik baimena eskatuaz.