Udan kultur eskaintza oparoa eskaintzen da Bergaran eta uztailean, bereziki, ostiraletako musika emanaldiek dute protagonismoa.

Ohikoa denez, Berumuga musika zikloak musika beltzaren munduko puntako taldeak ekartzen ditu eta aurten ere bide beretik jo du Bergarako Udalak Gaztelupeko hotsak elkartearekin elkarlanean osatutako kartelak.
Espoloian gaueko 22:00etan izango diren kontzertuei hasiera emango diena The Wynntown Marshals talde eskoziarra izango da, datorren asteko lehen ostiralean, uztailak 5.

Taldea 2007. urtean sortu zen Edinburgon, eta powerpoparen gakoak dituen country rock-a egiten dute. 2010. urtean Europako soinu-banda amerikar onena izendatu zuten eta gaur egun ez du galdu sasoi hartako esentzia.
Bigarren ostiralean, uztailaren 12an, John Nemeth & The Blues Dreamers blues-bandaren txanda izango da. Memphiseko taldeak Amerikar electric Blues eta Soul doinuak menperatzen ditu eta erritmo bizi eta erakargarriak joko ditu.
Rockabillyaren txanda izango da hurrena, hilaren 19an. Madrildik datoz The Rythm Shakers taldeko kideak. Abeslariaren ahots indartsua nagusituko da eskenatokian.

The Nothagirres taldeak emango dio amaiera aurtengo Berumuga zikloari uztailaren 26an. Urretxuko talde gipuzkoarra Iñigo Agirrebalzategik (ahotsa, gitarra), Aitor Godoyk (gitarra), Ana Agirrebalzategik (pianoa, Hammond, koruak), Julen Makazagak (bateria, koruak) eta Borja Aranburuk (baxua, koruak) osatzen dute.

Taldekideak The Hot Dogs!, Mutürbeltz, Sorkun, Dirty Jackets, Supertrooper, Painful... bezalako taldeetan aritu dira. Rocka, countrya, r & b... soinu dotore eta sendoko abesti basatien arteko nahasketa da bere musika.
Esangura askodun egitaraua

Maite Usabiaga Bergarako Kultura zinegotziak azpimarratu bezala, “urtean zehar entzuteko aukera ez daukagun estilo eta formatu bat da Berumugan”. Aurtengo kartelak hainbat ertz ikutzen dituela nabarmendu du: “Euskal taldeei lekua egin gura izan diegu, eta esanguratsua da aurten emakuzmezko artistek duten presentzia; izan ere bi ‘frontwoman’ ere egongo dira Berumugan”. Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak-eko kideak aipatu duenez, “harrera ona” izan du programazioak sektorean.